Gizartea
2030 AGENDA
Bigarren hiruhilekoan NBEko zuzendariek Bilboko egoitzan lan egingo dutela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak
EITB MEDIA
Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren eta Nazio Batuen arteko akordioa lantzen ari dira Nazio Batuen Local 2030 Idazkaritzaren bulegoa Bilbon martxan egon dadin datozen hilabeteetan.
-
Bilbok NBEren egoitza berriaren inaugurazioa. Artxiboko argazkia: Irekia
Urteko bigarren hiruhilekoan Nazio Batuetako zuzendaritzako langileek Local 2030 Idazkaritzaren Bilboko egoitzan lan egingo dutela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak. Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030eko Agendaren idazkari nagusiak iragarri du albistea.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Jonan Fernandezek azaldu duenez, Nazio Batuen Local 2030 Idazkaritzaren bulegoa datozen hilabeteetan martxan egon dadin administrazio arteko izapideak egiten eta akordioak negoziatzen ari dira Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta Nazio Batuen Erakundea.
2030 Agendaren Lehentasunen Euskal Programaren 2021-2022 aldiko betetze maila eta 2023ko aurreikuspenak azaldu ditu gaur Jonan Fernandezek. Horren esanetan, 2021-22 memoriak aurreikuspenen betetze maila handia erakusten du. 2022ko abendura arte, aurreikusitako 25 jardueretatik 18 % 80-100an bete dira; eta zazpi, % 40-60an.
2021eko ekainetik 2022ko abendura arteko balantzeari dagokionez, "bi lorpen garrantzitsu" nabarmendu ditu: alde batetik, 2030 Agenda Euskadi Foroa sortzea eta sendotzea; bestetik, Nazio Batuen Local 2030 Koalizioaren Idazkaritzaren munduko egoitza Euskadin kokatzea.
2023rako aurreikuspenak
Eusko Jaurlaritzak Garapen Jasangarriaren Helburuak lortzeko (GJH) 34 jarduera aurreikusi ditu legegintzaldia amaitu arte. Besteak beste, hauek nabarmendu ditu:
- Ekiola herritarren kooperatiba berriak sustatzea energia berriztagarriei dagokienez eta Opengela proiektuko esku hartzeak proiektatutako bost auzoetara zabaltzea.
- Bigarren hiruhilekoan, hezkuntza esparruan aplikatzeko material didaktikoa aurkeztea eta 2030 Agendari buruzko graduondoko bat sustatzea hiru unibertsitateekin.
- Zinemaldiarekin lankidetza eta 2030 Agenda Euskadi Basque Country Saria berriz ematea, GJHen jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak hobekien islatzen dituen filmari.