Itxi

Gizartea

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Kartzelatu egin dute Dani Alves futbol jokalaria, sexu erasoa egotzita

AGENCIAS | EITB MEDIA

Abenduaren 30ean, Bartzelonako dantzaleku batean, emakume bati sexu erasoa egin izana egotzi dio epaileak. Mexikoko Pumas UNAM taldeak hegaleko brasildarra kaleratu du.

  • Dani Alves, artxiboko irudi batean

    Dani Alves, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Dani Alves futbol jokalari brasildarra kartzelatu egin du epaileak, duela hilabete emakume bati sexu erasoa egin izana egotzita.

Abenduaren 30ean izan zen sexu erasoa Bartzelonako diskoteka batean, eta handik bi egunera jarri zuen salaketa emakumeak, futbolariaren kontra.

Gaur, Esquadra Mossoen aurrean deklaratzeko hitzordua zuen Alvesek, eta hori egin ondoren, atxilotuta eraman dute Bartzelonako Justizia Auzitegira, 10:00ak inguruan.  Ondoren, epaileak hura espetxeratzea agindu du.

Alves historia osoko atzelari onenetakoa da. FC Bartzelona taldean jokatu izan du, eta egun Mexikon aritzen zen.

Pumas UNAM taldeak kaleratu du

Mexikoko Pumas UNAM taldeak hegaleko brasildarra kaleratu du, Leopoldo Silva klubeko presidenteak jakitera eman duenez.

"Dani Alves jokalariak Espainian duen prozesu legalari buruzko informazioarekin, klubak egun honetatik aurrera Dani Alves jokalariarekin zuen lan-kontratua etetea erabaki du", azaldu du Silvak prentsaurrekoan.

"Club Universidad Nacionalek errespetua sustatzen du. Ezin dugu onartu pertsona baten jokabideak gure lan-filosofiari kalte egitea, historian zehar eredu izan baita gure herrialdeko kirolari gazteen prestakuntzan eta garapenean ", gaineratu du.