Itxi

Gizartea

EGURALDIA

Elurragatik alerta laranja ezarri dute Hego Euskal Herrian ostegunera arte

O. A. | EITB MEDIA

Elurraren maila 500 metro inguruan kokatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 400-600 metrora Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, berriz, elurrari dagokion abisu horia ostegun goizera arte egongo da indarrean.

  • Elurra Gasteizen. Jokin Zurutuza EITB Mediako erabiltzaileak bidalitako argazkia.

    Elurra Gasteizen. Jokin Zurutuza EITB Mediako erabiltzaileak bidalitako argazkia.

Elur denboraleak jarraipena izango du datozen orduetan, izan ere, elurrari dagokion alerta laranja ostegunera arte luzatuko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean (09:00), eta 18:00ak arte Nafarroa iparraldean eta erdialdean. Pirinioetan, ostera, alerta laranja ostiralera arte egongo da. Ipar Euskal Herrian, berriz, elurrari dagokion abisu horia ostegun goizera arte egongo da indarrean. 

Euskalmeten eta Aemeten iragarpenaren arabera, elur-kota 500 metrora jaitsiko da ostegunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 400-600 metrora Nafarroan. 

Ostegun goizean, elur-kota 500 metrora egongo da, baina noizbehinka beherago ere egin dezake eta eguerdi aldera 600-800 metrora igoko da. Kantauri isurialdean prezipitazioa ugaria izango da, eta gainerako lekuetan zaparrada txiki-ertainak botako ditu. Halaber, trumoi-ekaitzak jo eta txingorra bota dezake, bereziki goizaldean eta Kantauri isurialdean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean elurragatik ezarritako alerta laranja bihar 09:00etan amaituko da, eta orduan abisu horia aktibatuko da 18:00ak arte. Gainera, Euskalmetek beste bi abisu hori ezarriko ditu ostegunerako: prezipitazio iraunkorrengatik Kantauri isurialdean, 00:00etatik 24:00etara; eta itsasaldeko arriskuagatik, gauerditik eguerdira. Ostegunean metro koadroko 40-60 litro inguru pilatu daitezke Kantauri isurialdeko zenbait lekutan, eta 10-20 litro, ostera, gainerako tokietan.

Nafarroan, gaurtik elurragatik Pirinioetan indarrean dagoen alerta laranja foru erkidegoaren iparraldera eta erdialdera zabalduko dute gauerdian. Hortaz, ostegunean, Erribera kenduta, Nafarroa osoa alertan egongo da. Elur maila 400 metrora egongo da Kantauri isurialdean eta 6 zentimetroko lodierak espero dira, eta 5 zentimetrokoak, Nafarroa erdialdean 600 metrotik gora.

Ipar Euskal Herrian elurragatik ezarritako abisu horia gaur 10:00etatik bihar 08:00ak arte egongo da indarrean.

Uneoro, eguraldiaren iragarpena kontsulta dezakezu eitb.eus-en. Halaber, zure argazkiak eta bideoak bidali ditzakezu.