MIGRAZIOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

"Masifikatutako makrozentroek" euskal harrera ereduan ez dutela tokirik esan du Artolazabalek

Migratzaileei aholkularitza juridikoa emateko beste lau bulego zabaldu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horien aurkezpenean hitz egin du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Espainiako Gobernuak errefuxiatuentzat Gasteizen ireki asmo duen zentroarekin bat ez datorrela esan du.
Hainbat pertsona migratzaile, Irunen
Hainbat pertsona migratzaile, Irunen. Argazkia: EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegora iristen diren pertsona migratzaileei "beren egoera erregulatzen lagundu eta "aholkularitza juridikoa eman,  gizarte-laguntzak atzean utzita, lan-merkatuan sartzeko bidea erraztuz eta bizitza berri baterako atea zabalduz". Hori da Eusko Jaurlaritzaren Aholku Sarearen —Atzerritarren arloko Laguntza Juridikoaren Euskal Sarea— helburu nagusia, eta horretara bideratuta dauden beste lau bulego zabaldu ditu Urretxun, Tolosan, Markina-Xemeinen eta Zornotzan. Horiekin, 28 dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban martxan dauden  migratzaileentzako informazio guneak.

Bulego berrien aurkezpen ekitaldia Urretxuko Udalean egin dute, gaur goizean, besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendaria eta zentroak hartuko dituzten herrietako alkateak bertan zirela. Bere hitzartzean, Artolazabalek Aholku Sarearen balioa nabarmendu du, "pertsona migratzaileei beren bizitza exodoaren bide gogorrean laguntzea" dutela xede esanez.

"Euskal harrera eredua" defendatu du Gizarte Politiketako sailburuak, "komunitatetik bertatik,banakako laguntza sustatzen" duen eredua, eta zentzu horretan, Espainiako Gobernuak errefuxiatuentzat Gasteizen ireki asmo duen zentroarekiko bere desadostasuna agertu du, "euskal ereduan errefuxiatuentzako makrozentro masifikatuek" lekurik ez dutelako. "Gure ereduak babes komunitarioa bezalako ekimenekin egiten du lan, gizarteratzea bultzatzen du".

Hala, "aldarrikapen historiko" bat egiteko aprobetxatu du bere agerraldia Artolazabalek, eta Espainiako Gobenuari Migrazio eta Asilo eskumenaren transferentzia gauzatzea eskatu dio, "euskal harreraren ereduari behin betiko forma eman ahal izateko". "Bistan da Euskadira iristen diren pertsona migratzaileei laguntzeko tresnak, zerbitzuak eta konpromisoa ditugula. Atzerritartasunaren arloko eskumenen transferentzia gauzatzea falta zaigu", esan du.

Biltzen Gizarteratzea eta Kulturarteko Euskal Zerbitzuak kudeatzen du Aholku Sarea, hainbat gizarte talderekin —Gurutze Gorria, Zehar-Errefuxiatuekin, Caritas, Cosmopolis, Adiskidetuak, Cite-CCOO, Bide Eginez eta Sos Arrazakeria— eta EAEko hiru abokatu elkargoekin elkarlanean. Iaz, 5.158 kontsulta jaso zituzten, eta ia 50 informazio saio eskaini. 1.455 pertsonak hartu zuten parte azken horietan.

Albiste gehiago gizartea

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Lan Onari saria Carmelo Urza Larrauri Filologia Hispanikoko doktoreari emanda itxi du Lehendakaritzak 2025eko Jaialdira egindako bisita

Esparru akademikoan egindako lanagatik eta kanpoan euskal kultura zabaltzen egindako ekarpenagatik saritu dute Renoko Unibertsitateko Filologia Hispanikoko doktorea. Oso gazte zela Estatu Batuetara bizitzera joan bazen ere, euskal sustraiei eusteagatik eta Euskadiren eta Estatu Batuen arteko harremanak estutzeko lan egiteagatik nabarmendu da beti. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Chikungunya: tigre-eltxoaren gaixotasuna saihesteko gakoak eta aholkuak

Pello Latasak, Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko zaintza epidemiologikorako arduradunak, tigre-eltxoek kutsatzen duten chikungunya gaitzaren inguruan mintzatu da. Latasak azaldu duenez, gaitza ez da zuzenean gizakien artean transmititzen; hala ere, badira salbuespenak. Bideo honetan sintomak zeintzuk diren, transmisioa nola ematen den eta gaitzari aurre egiteko gomendioak eman dizkigu arduradunak.

Gehiago kargatu