Itxi

Gizartea

Eguraldia

Eusko Jaurlaritzak tentuz gidatzeko eskatu du, elurra datorrela eta

agentziak | eitb media

Ohartarazi du asteazkenean eta ostegunean izango direla egun hotzenak, eta ondorioz, elurra botako duela "maila ertain eta baxuetan". Nafarroako eta EAEko gobernuek prest dituzte elurra kentzeko makinak.

  • A-1 errepidea. Argazkia: Efe

    A-1 errepidea. Argazkia: Efe

Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia Arretarako zuzendariak "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin die gidariei datozen egunetan errepidean bota dezakeen elurra dela eta.

Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean Ituartek adierazi duenez, "Kantauri isurialdean 60-80 litro espero dira metro koadroko, kantitate adierazgarri bat, eta ildo horretatik jarrai dezake ostegun edo ostirala arte".

Hori horrela, eta prezipitazioak aurreikustea "atrebentzia" izan badaiteke ere, nabarmendu du 150-200 litro arte bota dezakeela ostirala arte: "Hori dezente da".

Asteartean euri gutxixeago espero bada ere, egunaren amaieran elur-kota 400 metrora jaitsiko da. "Asteazkenean egun zailagoa izango da, 40 litrotik 60ra arteko euri jasarekin, ekaitzekin eta elur-kota 200-300 metroraino jaitsita", gaineratu du, "beherago ere" bota dezakeela zehaztu aurretik.

Ohartarazi du asteazkenean eta ostegunean izango direla egun hotzenak, eta ondorioz, elurra botako duela "maila ertain eta baxuetan".

Hala, eguraldiaren iragarpenari buruzko informazioa kontsultatzeko eskatu die herritarrei. "Printzipioz, euria izango da ezaugarri nagusia, baina asteak aurrera egin ahala, elurra errepidera iristen bada, seguru eta zuhur jokatu beharra dago, atzera daitekeena atzeratuz gure segurtasunaren mesedetan", gaineratu du.

Hau zure interesekoa izan daiteke: Euritan, elurretan, laino azpian eta izotzarekin gidatzeko aholkuak

Elurra kentzeko makinak prest

Nafarroako Gobernuak elurra kentzeko 28 makina aktibatu ditu dagoeneko, iragarpen meteorologikoen aurrean, eta kopuru hori handitu egingo da, gaur goizaldeko bostetatik aurrera 38 makina egongo baitira martxan.

Sakanako (A-10), Leitzarango (A-15) eta Iparraldeko (A-1) autobiak eta Iruñea eta Behobia lotzen dituen (N-121-A) errepidea zainduko dituzte datozen orduetan. Makinak Pirinioetako haranetako errepideetan eta Belagua, Carrascal, Erro, Etxauri, Las Coronas, Lizarraga, Loiti, Mezkiritz, Uxue eta Urbasa mendateetan ere ibiliko dira, besteak beste.

Martxan jarri ez badu ere, Eusko Jaurlaritzak prest du Neguko Bidezaintza Plana, behar izatekotan aktibatzeko. Hala, aurtengo neguan elurra kentzeko 205 makina (iaz baina 4 gehiago), tona askotako ibilgailuak erretiratzeko 7 garabi eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko 130 ibilgailu arituko dira lanean.

Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila kopurua ertzain etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Gainera, 27.600 tona gatz eta 760.000 litro gatzun egongo dira eskuragarri.

Sonia Diaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak planaren aurkezpenean azaldu zuenez, aurrekoetan bezalaxe, aurten ere, plana partzialki aktibatu ahal izango da, elur kotaren eta prezipitazio bolumenaren arabera. "Zehazki, jarraipen eta informazio fasean aktibatuko da elur kota 1.000 metroko altuerara iristen denean, eta fase operatiboan, berriz, elur kota 700 metrora iristen denean eta prezipitazio bolumenak hala gomendatzen duenean", zehaztu du.