Gizartea
NAFARROA
Gizon bat hil dute arma zuriz Atarrabian
eitb media
Gaur goizean goiz izan da hilketa Landazabal industriagunean, hotel baten ondoan.
Gizonezko bat hil dute arma zuriz gaur goizean Atarrabiako (Nafarroa) industriagune batean, Foruzaingoak jakitera eman duenez.
Hilketa goizeko zazpiak baino lehentxeago gertatu da, Landazabal poligonoan.
Foruzaingoak ikerketa ireki du gertatutakoa argitzeko asmoz, eta sumarioa sekretupean dago.
Mikel Oteiza herriko alkateak, bere aldetik, baieztatu egin du gorpua hotel baten ondoan zegoela, eta bertako langileek eman dutela abisua. Gainera, inguruan dantzaleku bat ere ba omen dago.
Oteizaren arabera, 40 urte inguru zituen gizonak, eta arma zuriz egindako hainbat zauri zituen. Hala ere, ez dute, "nik dakidala, inor atxilotu", alkatearen esanetan.
Epaileak sekretupean jarri du ikerketa, eta, ondorioz, ez dira gertakariaren "arrazoiak eta testuingurua" plazaratu. Horregatik, ez dakite dantzalekuan gertatuko zerbaitekin lotutako gertakaria den ala ez.
Baina alkateak zehaztu du biktima beste pertsona batekin zegoela erasoa gertatu zenean, baina Udaltzaingoa "minutu gutxiren buruan iritsi bada ere, ez du erasotzailea atzematerik izan".
"Ikerketari itxaron behar diogu", adierazi du Oteizak, hildakoa ez dela atarrabiarra gaineratu aurretik.
Hilketa gertatu den lekua. Argazkia: EITB