Gizartea
BIZKAIA
Bilboko Udalak Donejakue Bideko aterpetxe bat egingo du ur biltegi zahar bat dagoen tokian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txurdinaga eta Begoña artean kokatuta egongo den aterpetxeak 60 pertsonentzako lekua izango du, eta 2024ko udaberrian ireki ditzake ateak. Guztira, 3,2 milioi euroko inbertsioa egingo du Udalak, eta horietatik 2,6 milioi Next Generation Europako funtsetatik datoz.
-
Aterpetxe berria. Irudia: Bilboko Udala
Bilboko Udalak ur biltegi zahar bat zena Donejakue Bideko aterpetxe bihurtuko du, eta 60 pertsonentzako lekua izango du. Aurreikuspenen arabera 2024ko udaberrian martxan egongo da.
Zabalbideko ur biltegi zaharra Txurdinaga eta Begoña auzoen artean dago, Iparraldeko bidea edo Kostaldeko bidea Bilbotik igarotzen den tokitik 200 metro eskasera.
Irudia: Bilboko Udala
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak asteazken honetan proiektuaren aurkezpenean nabarmendu duenez, Europako dirulaguntzak lanen ia kostu osoa estaliko du. Zehazki, Udalak 3,2 milioi euro inbertituko ditu, eta horietatik 2,6 milioi Next Generation Europako funtsetatik datoz.
Obrak lizitatu eta esleitu ondoren, lanak 15 hilabeteko epean egingo dira.
Irudia: Bilboko Udala
Udalak emandako datuen arabera, 10.000 erromes inguru igarotzen dira urtero Bilbotik Santiagorako bidean, baina guztiek ez dituzte aterpetxe ofizialak erabiltzen eta askok ostatu pribatuak aukeratzen dituzte.
Irudia: Bilboko Udala