Itxi

Gizartea

KORONABIRUSA

Toki itxietan eta garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatu du Osasunaren Munduko Erakundeak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Covid kasuek Txinan izan duten gorakada dela eta, OMEk dio herrialde bakoitzak bere prebentzio neurriak hartzea "zentzuzkoa" dela, herritarrak babesteko.

  • Argazkia: EFE

Toki itxietan eta garraio publikoan maskara erabiltzea gomendatu du Osasunaren Munduko Erakundeak (OME), Txinan izaten ari den covid-19 kasuen hazkundearen aurrean.

Hans Henri P. Kluge OMEren Europarako zuzendariak ohartarazi duenez, Txinan zabaldu diren covid-19aren aldaerak jada atzeman dira Europan eta beste hainbat tokitan, eta oraingoz, hedatze arriskurik aurreikusten ez badute ere, prebentzio neurriak hartzea "ez da zentzugabea". "Prebentziorako eta Gaitzen Kontrolerako Europako  Zentroaren iritzia partekatzen dugu, eta, oraingoz, ez dago Txinan zabaldutako aldaera Europan hedatzeko arriskurik", gaineratu du.

Halere, egoeraren jarraipen epidemiologiko zehatza egin bitartean eta aldaera berrien gaineko informazioa izan bitartean, herrialde bakoitzak bere prebentzio neurriak hartzearen alde agertu du Kluge, "neurrizkoak eta baztertzaileak ez diren neurriak".

OMSeko ordezkariaren hitzetan, "berehalako mehatxurik" ez badago ere, balizko beste hedatze bat ekiditea ezinbestekoa da, osasun sistemak eta osasun langileak are gehiago ez presionatzeko, eta herritarrak babesteko.

Horregatik, Europako eta Asia erdialdeko herrialdeei zuzendu zaie bereziki Kluge, estrategia eraginkorrak abian jar ditzaten. Neurrien artean, leku itxietan eta garraio publikoan maskara erabiltzea, txertaketa bultzatzea edota aireztapen egokiak ezartzea aipatu ditu.