Gizartea
Kazetari espetxeratua
Poloniak behin-behineko espetxealdia luzatu dio berriro Pablo Gonzalezi
Agentziak | EITB Media
Euskal kazetariaren abokatuek, familiak eta hurbilekoek datorren otsailaren 23ko saioan dituzte jarrita itxaropenak orain.
-
Pablo Gonzalezen askatasuna aldarrikatzeko manifestazioa. Artxiboko irudia: EITB
Poloniako Justiziak behin-behineko espetxealdia luzatu dio berriro Pablo Gonzalez euskal kazetariari. 2022ko otsailaren 28an atxilotu zuten Przemyslen (Polonia), Errusiaren inbasioaren osteko errefuxiatu ukrainarren uholdearen berri ematen ari zenean.
#FreePabloGonzalez elkarteko bozeramaile Juan Texeirak jakinarazi duenez, berriemaile bizkaitarraren defentsak haren espetxeratzea baliogabetzeko aurkeztutako alegazioak aztertzeko gaur egin den saio berrian, auzitegiak atzera ditu eta kartzelaldia luzatzea erabaki du.
Gonzalezen abokatuek, senitartekoek eta gertukoek itxaropenak datorren otsailaren 23an jarriko dituzte orain, kazetariaren urtebeteko atxiloketa eta espetxeratzearen harira beste saio bat egingo baitute.
Texeirak esan du aske uzteko "itxaropenari" eusten diotela, baina "zaila" ikusten dutela, Poloniako Justiziak duen dinamika dela eta; izan ere, orain arte behin-behineko espetxealdia hiru hilero luzatu du, leporatzen dioten ustezko "espioitzari" buruzko froga zehatzik aurkeztu gabe.
"Orain, urtebete betetzean, teorian froga eztabaidaezinagoak aurkeztu behar dituzte espetxean jarraitu ahal izateko. Poloniako Fiskaltzaren eta Justiziaren hurrengo mugimenduaren zain geratzea besterik ez zaigu geratzen", zehaztu du.
Pablo Gonzalezekiko idatzizko komunikazioak nahiko berandu iristen dira, eta "laburrak" badira ere, kazetaria ondo dagoela diote.
"Oso argal dago, eta imajinatzen dut krisi uneak dituela, baina, oro har, indarra mantentzen du, bere errugabetasuna frogatzeko eta lehenbailehen itzultzeko gogoa duelako", azpimarratu du.