Gizartea
Gertakaria
Ordiziako Majori kiroldegiak ateak zabaldu ditu berriz, asteleheneko kloro isuriaren ostean
EITB Media
Edonola ere, sauna, igerilekua eta igerilekuen aldagelak itxita mantenduko dituzte momentuz. Alkateak azaldu duenez, ospitaleratutako bakarrak (kiroldegiko langile bat) eman du gaua erietxean, eta gainerakoak etxera joan ahal izan ziren atzo bertan.
Ordiziako Majori kiroldegiko ateak zabaldu ditu berriz, astelehenetik itxita egon ostean. Isuria izan zen atzo kiroldegian, eta eraikina guztiz hustu zuten.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak Euskadi Irratiari gaur azaldu dionez, ospitaleratutako bakarrak (kiroldegiko langile bat) eman du gaua erietxean, eta gainerakoak etxera joan ahal izan ziren atzo bertan.
Bestalde, ETB1eko "Egun on Euskadi" saioan esan du 08:00etan egindako neurketek oso maila baxua eman dutela. Hori horrela, 09:30 aldera ireki dituzte berriro instalazio guztiak, igerilekua salbu. Eguerdian, baina, beste neurketa bat egingo dute bertan. "Ezin da jakin noizko egongo den zabalik, baina baliteke arratsaldean bertan irekitzea", adierazi du Ezenarrok.
Ihesa gertatu zen orduan jende ugari zegoen kiroldegian, eskubaloiko eta saskibaloiko taldeen entrenamenduak, 'spinning' taldeak eta jarduerak zeudelako igerilekuan.
Udaleko iturrien arabera, igerilekuko entrenatzaile bat kloro usainaz jabetu zen eta igeritokia ebakuatu zuten; ondoren, instalazio guztiak hustu zituzten. Oraindik ez dakite zerk eragin duen isuria, baina uste dute hodi bat apurtu dela.
Kiroldegia itxita dagoen bitartean Lazkaoko Joxemiel Barandiaran kiroldegia erabilgarri egongo da Ordiziako bazkideentzat, Udalak jakitera eman duenez.
Azaroaren 10ean beste kloro isuri bat izan zen Gipuzkoan, Hernaniko kiroldegian, eta 20 bat pertsonari arazoak eragin zizkien.