Itxi

Gizartea

COVID-19

Txinatik iritsitako bidaiarien osasun kontrolak, indarrean

agentziak | eitb media

Lehenengo hegaldiak 18:00etan iritsiko dira Madrilera. Frantziako Gobernuak ere 48 ordu lehenagoko COVID-19 test negatiboa eskatuko die bidaiari txinatarrei.

  • Beijingo aireportua. Argazkia: Efe

    Beijingo aireportua. Argazkia: Efe

Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak Txinatik iristen diren bidaiariei ezarritako osasun kontrolen neurriak argitaratu ditu, eta jada indarrean daude.

Txinako koronabirusaren egoerarekin "arrisku epidemiologikoa handia" dela uste dute Espainiako Estatuko osasun agintariek, "aldaera berrien agerpenagatik bereziki", eta horregatik ezarri dituzte premiaz koronabirusaren zabalkundea eragozteko zaintza eta kontrol neurriak.

Hala, larunbat honetatik aurrera, osasun kontrolak egingo dizkiete Espainiako Estatuko aireportuetan sartzen diren bidaiari txinatarrei: dokumentuen kontrola, behaketa, tenperatura kontrola eta diagnosi proba.

Diagnosi proba horretan emaitza positiboa izanez gero, "martxan jarriko dira komunikazio eta koordinazio protokoloak erkidegoetako osasun zerbitzuekin".

Hala, Espainiako Gobernuak osasun kontrolerako ezarritako neurriak jasoko dituen lehenengo hegaldia 18:00etan iritsiko da Madrilgo Barajasera. Hasiera batean, 2023ko otsailaren 15era arte egongo dira neurriak indarrean.

Frantziako Estatuan ere bai

Bestalde, Frantziako Gobernuak ere neurriak hartzea erabaki du. Hala, azken 48 orduetan egindako COVID-19aren proba negatiboa eskatuko die (Espainiako Estatuan epea 72 ordukoa da) Txinatik iristen diren bidaiariei, eta Italian ere berdin egingo dute.

Europako Batzordeak, berriz, neurriak koordinatzea eskatu du, baina Osasun Segurtasun Batzordearen premiazko bileran ez zuten neurririk adostu, "zaintza aktiboa" egitea besterik ez. Italiak neurriak bateratzea eskatu du, Giorgia Meloni lehen ministroaren eskutik.