Gizartea
COVID-19
Sagardui: "Badirudi, Txinan zabaldu den covid-19aren aldaera oraindik ez dela Europan agertu"
EITB MEDIA
Halere, epidemiologoak etengabe egoera aztertzen ari direla ziurtatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, eskura ditugun txertoek aldaera berriaren aurrean zer nolako eraginkortasuna duten neurtzeko. "Bitartean, argi dugu txertaketa dela babes neurri eraginkorrena", esan du.
-
Covid-19aren aurkako txertoa
Txinan izaten ari den covid-19 kasuen gorakadak kezka eragin du, berriro, mundu osoan, eta Eusko Jaurlaritza ere adi ari da gaia jarraitzen. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, egunero egiten dute hemengo zein atzerriko datuen jarraipena, eta haren hitzetan, "badirudi, Txinan zabaldu den covid-19aren aldaera oraindik ez dela Europan agertu".
Covid-19 aldaera berriaren aurrean eskura ditugun txertoek zenbateraino babesten duten eta zein neurri hartu beharko liratekeen aztertzea epidemiologoen lana dela eta horretan ari direla ziurtatu du Sagarduik. "Hor epidemiologian adituek, beti egin duten bezala, jarraipena egiten diote aldaerari eta aztertzen dute txertoek zer nolako babesa ematen duten. Hori kontuan hartua, neurriak proposatzen dituzte", esan du, Euskadi Irratian goizean egindako elkarrizketan.
Edozein kasutan, Osasun sailburuak argi du txerketa dela covid-19ari aurre egiteko bide eraginkorrena, eta beste behin, herritarrei dei egin die txertatu daitezen.
Joan den astean zabaldu zuen Osakidetzak covid-19aren aurkako bigarren errefortzu dosiaren txertaketa 60 urtez azpikoentzat, eta herritarrak hitzorduak hartzen hasita daudela esan du, oraindik txertoa hartzen ari diren gehienak 60tik gorakoak direla aitortu arren. "Datak kontuan hartu behar dira. Oraindik, indarrik gehiena 60tik gorakoentzat ari gara ematen, baina hortik beherakoak ere ari dira hitzorduak hartzen eta milaka txanda emanda ditugu", zehaztu du.
Bien bitartean, zenbait herrialdek test negatiboa eskatuko diete Txinatik iritsitako bidaiariei. AEB, Italia, Japonia eta Malasia hasi dira dagoeneko proba negatiboak eskatzen. Tailandia eta Australia, bestalde, murrizketak ezartzea aztertzen ari dira.