Itxi

Gizartea

Hondakinen plana

EAJ, Gipuzkoako Batzar Nagusietan zentsura-mozioa aurkeztearen alde

Erredakzioa

Egibarrek iragarri duenez, bere alderdia PSE-EErekin eta PPrekin hizketan hasiko da Juan Carlos Alduntzin Bilduren Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura-mozioa eskatzeko.

01:24
EAJk Juan Carlos Alduntziren aurkako zentsura-mozioa eskatuko du
Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak iragarri duenez, bere alderdia PSE-EErekin eta PPrekin hizketan hasiko da Juan Carlos Alduntzin Bilduren Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura-mozioa eskatzeko.

Bilduk hondakinen plana Batzar Nagusietan aurkezteari uko egin ostean, Egibarrek, Maria Eugenia Agirrezabalaga EAJren Gipuzkoako zuzendaritzaren bozeramaileak, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako batzarkideak eta Markel Olano EAJren Batzar Nagusietako bozeramaileak gaur arratsaldean Donostian eskainitako prentsaurreko batean azaldu du zentsura-mozioa aurkezteko asmoa.

Egibarren hitzetan, "inposaketaren eta Bilduren jarreraren aurkako zentsura-mozioa da". Aurrekontuak hondakinen kudeaketari buruzko azken hitza Gipuzkoako Batzar Nagusiek izango zutela adostu ostean sinatu zituela gogoratu dio EAJk Bilduri, eta "emandako hitza" ez betetzea leporatu dio.

EAJko agintariak Bilduk "konfiantza urratu" duela esan du, eta "galdutako konfiantza hori nola berreskuratuko duen erakutsi beharko du orain", gaineratu du.

Sozialistekin eta popularrekin adostasuna lortu eta Alduntzinen aurkako zentsura-mozioa aurkezten badute ere, Martin Garitanok izendatuko lukeen Ingurumen diputatu berriarekin egoera berdina biziko luketela uste du Egibarrek.

"Akatsarekin aurrera jarraitu nahi badute, higadura eurena izango da eta agintaldia oso luzea izango da", azaldu du EAJko agintariak, eta Bilduri hondakinen kudeaketa Batzar Nagusietan ez erabakitzeko "iruzurra" egitea leporatu dio.

Bilduk "zentzuz" jokatzea eta "herritarren gehiengoak nahi duena" egitea espero duela esan du Egibarrek, baina "kudeaketa politiko okerra" egiten ari dela onartu ordez, koalizio abertzaleak "Bilduren aukako erasoen biktima" direla esango du.

"Eta ikusiko dugu zer gertatzen den mankomunitateekin", adierazi du Egibarrek; izan ere, agintariaren ustez, atez ateko sistemaren "porrota kamuflatzen ari da" Bildu. Agintea duten herri batzuetako herritarrek sistema zalantzan jarri dutela esan du EAJko agintariak, eta "beste modu batzuetaz hitz egiten hasi dira".

Egibarren esanetan, Bilduk erraustegiari buruzko kontsulta egin nahi badu, egin dezala, baina herriaren botoen adierazpena Batzar Nagusietan duela gogoratu dio.