Itxi

Gizartea

Gabonetako loteria

Bilbon, Azkoitian, Iruñean eta Cordovillan sari potoloaren dezimo batzuk saldu dituzte; 05490 zenbakia

EITB MEDIA

Bilbon izan dute zorterik handiena; izan ere, Ormaechean, serie bat saldu dute. Azkoitian, Iruñean eta Cordovillan dezimo bana saldu dute. Guztira, Euskal Herriak ia 91 milioi berreskuratu ditu aurtengo zozketan, horietatik 54, Mungian.

0:44
Ormaechea administrazioa. Argazkia: EFE.

2022ko Gabonetako loteriako sari potoloa 05490 zenbakiari egokitu zaio, eta Bilbon, Azkoitian, Iruñean eta Cordovillan dezimo batzuk saldu dituzte. Bilbon izan dute zorterik handiena; izan ere, Ormaechean, Urkixo zumarkalean, serie bat zuten, eta beste dezimo bat ere. Azkoitian, Iruñean eta Cordovillan dezimo bana saldu dute.

Azken balantzearen arabera, Euskal Herriak ia 91 milioi euro baino gehiago berreskuratu ditu, horietako ia bi Nafarroan. Mungiara ekarri du zozketak zoriontasunik handiena, kontuan izanik gutxi gorabehera 54 milioi euro iritsi direla bertara. Bigarren sariak, Bizkaian, 72 milioi euro inguru ekarri ditu.

Hala, Gabonetako sari potoloaren zati bat, 4,4 milioi euro (serie bat eta dezimo bat), Bilboko Ormaechea administrazioan saldu dute; Indautxu plazan dago, eta bizkaitar hiriburuko ospetsuenetakoa da. Gainera, dezimo bat, 400.000 euroko sariarekin, Azkoitian saldu dute, Julio Urkijo kalean, 13. zenbakian.

Ormaechean, familia bakar batek irabazi ditu 4,4 milioi euroak. 40 urte daramatzate zenbaki horrekin jokatzen; urtean zehar, dezimo bat jokatzen dute astero, eta Gabonetan, serie bat baino apur bat gehiago erosten dute.

Nafarroan, La Morea merkataritza zentroko Leclerc hipermerkatuan (Cordovilla) eta Iruñeko Ciudadela kaleko 7.enean 05490 zenbakiko dezimo bana erosi dutenek izan dute zortea. Bakoitzak 400.000 euro bereganatu ditu.

Poz handia, Iruñean; norbaitek 400.000 euroko dezimo bat irabazi du. Argazkia: EITB.

Coruñan eta Lugon saldu dute sari potoloaren zatirik handiena. Dena den, oso banatuta izan da.

Bitartean, 04074 izan da bigarren saria, eta zati bat Bilbon eta Mungian saldu dute. Hain zuzen, Bilboko administrazio batean, Ledesma kaleko 16.ean, 45 serie zituzten, eta beste hainbeste, Mungiako beste batean, Lauaxeta Olerkari kalean, 7.ean.

Mungian, Uri tabernan, bigarren saria egokitu zaie. Argazkia: EFE.

Ledesma Loterian, Maribel Pecharroman da jabea, eta, azaldu duenez, serie batzuk itzuli behar izan ditu. Guztira, 30 serie itzuli dituzte; izan ere, zenbaki "berezia" omen zen, eta jendeak ez zuen nahi. Azkenean, 148 dezimo saldu dituzte; hortaz, 18,5 milioi banatu ditu administrazio horrek.

Mungian, Uri tabernak saldu du bigarren sariko zati bat; guztira, 54 milioi egokitu dira herrian. Zenbakia Mungiako 3. Administrazioan saldu dute, Lauaxeta Olerkari kaleko 7.ean; 45 serie zituzten, eta 43 saldu dituzte. Zenbakia administrazioan eta, batez ere, Uri tabernan banatu dute; taberna horretara administrazioko jabea joan da, ospatu nahian.

Hirugarren saria 45250 zenbakiari egokitu zaio; kasu honetan, ez du dirurik utzi Euskal Herrian.

Bi laugarren sari izan dira, eta atera den lehena 54289a izan da. Ez du saririk utzi EAEn, ezta Nafarroan ere. Gauza bera gertatu da bigarren laugarren sariarekin, 25296 zenbakiarekin.

Bosgarren sariei dagokienez, horietako bat, 43696, Galdakaon saldu dute osorik, Zamakoa kaleko administrazioan. Beste bat, 38454, Santurtzin, Portugaleten eta Donostian egokitu da; Santurtzin, Vapor Habana kaleko 9. zenbakiko administrazioak 20 serie zituen, alegia, 1,2 milioi euro, denak saldu badituzte; Portugaleten, Carlos VII.aren kaleko administrazioan (17. zenbakian) serie bat zuten, 60.000 euro, eta hori bera Donostiako Narrica kaleko 21.ean.

Xanpaina, Galdakaon, bosgarren saria ospatzeko. Argazkia: EFE.

Santurtzin, Vapor Habana kaleko administrazioko arduradun David Hernandezek adierazi du leihatilan eta Txoko tabernan saldu egin dutela zenbaki sariduna. Gainera, aurten, administrazioak 130 urte betetzen ditu.

Portugaleteko administrazioak, aldiz, uztailean saldu zituen saritutako dezimoak.

Bosgarren saria jaso duten gainerako zenbakiak honako hauek izan dira: 24492, 36142, 62391, 79138, 87092 eta 88509. Azken horrek milioi bat euro baino pixka bat gehiago utzi ditu Nafarroan, bereziki Osasunak txartelak saldu dituelako.

Kontsultatu eitb.eus-en zure zenbakiak saririk duen.