Gizartea
indarkeria matxista
Emakume nafar bat hil du bikotekideak Zaragozan
EITB MEDIA
Astearte honetan gertatu da Zaragozako etxebizitza batean. Biktima Nafarroako Cortes herrikoa zen. Nafarroako Gobernuak hilketa matxista gaitzetsi du.
Cortesko 80 urteko emakume bat hil zuen 83 urteko bikotekideak joan den asteartean Zaragozan. Nafarroako Gobernuak gaur bere doluminak helarazi dizkio biktimaren familiari, eta hilketa matxista salatu du.
Zaragoza hiriko etxebizitza batean izan zen hilketa, bikotearen bizilekuan. Emakumea hil ondoren, Polizia Nazionalarengana bere kabuz joan zen gizona, eta egindakoa aitortu zuen. Komisarian bertan atxilotu zuten.
Urte asko zeramatzan emakumeak Zaragozan bizitzen, baina izatez, Corteskoa zen. Gaur, bertako Udalak hiru eguneko dolua ezarri du, eta elkarretaratzea deitu, 20:00etan, Mirandako Dukeen plazan, hilketa salatzeko.
Aurretik, 19:30ean, ezohiko osoko bilkura egingo dute Udalean, adierazpen instituzionala adosteko.
Indarkeria matxistaren ondorioz 2022 honetan hil duten bigarren emakumea da. Joan den urtarrilean, Sara Pina Yeregui 38 urteko emakumea hil zuen haren senarrak Tuteran.