Gizartea
Zirkulazio seinaleak
Hauek dira gure errepideetan ikusi ahalko ditugun zirkulazio seinale berriak
JESUS ELORDUI | EITB MEDIA
Espainiako Gobernuak Dekretu proiektua du Zirkulazioko Araudia aldatzeko, eta aldaketak seinaleekin lotutakoak izango dira; proiektua zuzenketak aztertzeko fasean dago, Ministroen Kontseilura iritsi aurretik. Hemen dituzu Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak proposatutako seinale berriak.
-
Seinale berrietako batzuk. Barne Ministerioaren web orritik hartutako argazkiak.
Ia 20 urte daramatzagu zirkulazio seinaletan aldaketarik ikusi gabe, baina laster ikusiko ditugu hainbat aldaketa, eta seinale berri batzuk ere bai. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak, irailean, Dekretu proiektu bat prestatu zuen 2003an onartu zuten Zirkulazioko Araudi Orokorra aldatzeko, hain zuzen seinaleei dagokienez; proiektu hori zuzenketak eta alegazioak aztertzeko fasean dago, Ministroen Kontseilura heldu aurretik, eta aurreikuspena da Ministroen Kontseiluak argi berdea emanda has gaitezela herritarrok ikusten seinale berriak.
Zergatik mahaigaineratu dituzte aldaketa horiek? Proiektuak azalduta duenez, proposatutako aldaketen helburua da "mezuen transmisio gaitasuna hobetu eta pixkanaka sortzen diren behar berriei erantzuna ematea", kontuan izanik azken urteotan "aldaketak izan direla mugikortasunean eta ingurumen sozial, teknologikoan eta kulturalean". Aldaketa horien ondorioz, beharrezkoa da egiaztatzea ea bideko seinaleek "jarraitzen duten komunikazio indar bera izaten eta erabiltzaileek egoki ulertzen dituzten, ala, bestela, aldaketak egin behar diren".
Hori dena 2030 Bideko Segurtasun Estrategiaren testuinguruan dago. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak zehaztuta dutenez, Estrategiaren xedea da, "2030erako, hildakoen eta larri zauritutako pertsonen kopuruak % 50 behera egitea, Europa eta mundu mailako helburuekin bat". Asmoa da sendotzea "mugikortasun ziurreko kultura", aurrera egiteko helburu honetan: "2050erako, ez egotea hildakorik edo larri zauritutako pertsonarik". Halaber, "mugikortasunarekin lotutako beste arlo batzuetako politika nazionaletan ere ekarpena egin nahi du horien helburuak gauzatzeko".
Ez dago zehaztuta noiz hasiko garen ikusten Espainiako Gobernuak proposatutako seinale berriak edo aldaketak; izan ere, esan bezala, Dekretu proiektua Ministroen Kontseilura heldu behar da oraindik. Dena den, jarraian jaso ditugu, ohitura hartzen has gaitezen (irudiak Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren web orritik hartu ditugu).
Pixka bat komentatuko ditugu, goitik behera eta ezkerretik eskuinera hasita:
* Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetarako sarrera debekatuta: seinale berria da, eta piktograman patinete elektrikoa du. Hori du ezaugarri nagusia.
* Mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetarako eta zikloetarako sarrera debekatuta: honek adierazten du zikloek ere dutela sarrera debekatuta. Bertan ere patinete elektrikoa ageri da.
* Ildo horretan, beste bik erakusten dute, hurrenez hurren, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuetarako bide erreserbatu eta derrigorrezkoan gaudela, eta mugikortasun pertsonaletarako eta zikloetarako bide erreserbatu eta derrigorrezkoan gaudela. Hau da horietako bat.
* Ingurumeneko bereizgarriaren edo ezarritako beste ingurumen irizpide batzuen arabera, ibilgailu batzuetarako sarrera debekatuta: hori ere seinale berria da.
* Zikloetako erabiltzaileek oinez jarraitu behar dute: hau ere, berria.
* Barrerarik gabeko trenbide pasagunea: piktograma aldatu egin dute. Seinale honetan hainbat urtetan ikusi dugun trenaren ordez, beste modernoago bat agertuko da aurrerantzean.
* Aireportua: piktograma aldatu dute, hegazkina handiagoa da, orain arte baino.
* Aldapa handiko jaitsiera edo igoera: piktograma aldatu dute, eta hemendik aurrera, gezi bat agertuko da, gorakoa ala beherakoa, aldaparen araberakoa.