Itxi

Gizartea

HEZKUNTZA

2023-2024 ikasturteko matrikulazio prozesuan eskola segregazioari aurre egiteko neurriak jarriko dira martxan

O. A. | EITB Media

Ikasle zaurgarriak modu orekatuago batean banatzea da prozedura berriaren helburua, Haur Hezkuntzan sartzen direnetik. Prozesu progresiboa izango da, ikasturtez ikasturte, eta ez du eragingo egun eskolatuta dauden ikasleak ikastetxez aldatzea.

  • Bi mutiko Donostiako ikastetxe baten kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE

    Bi mutiko Donostiako ikastetxe baten kanpoaldean. Artxiboko argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak neurri zuzentzaileak jarriko ditu martxan 2023-2024 ikasturteko matrikulazio prozesuan eskola segregazioari aurre egiteko. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak azaldu duenez, dagoeneko aplikatzen diren neurri konpentsatorioak "oso garrantzitsuak" dira, baina neurri zuzentzaileak behar dira eskola segregazioari aurre egiteko eta ikasle zaurgarriak ikastetxeen artean modu orekatuan banatzeko.

Neurri zuzentzaileak aplikatuko dira Hezkuntza Saila prestatzen ari den bi araudi berriekin. Batek matrikulazio prozesuari berari eragiten dio eta, besteak, matrikulazio biziaren prozedurari.

Ikasleak modu orekatuan banatzea bilatzen du prozedura berriak, Haur Hezkuntzan sartzen direnetik (2 urteko geletan). Diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek plaza kopuru bat gorde beharko dute ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Prozesua progresiboa izango da, ikasturtez ikasturte egingo da, eta ez du eragingo gaur egun eskolatuta dauden ikasleak ikastetxez aldatzea.

Matrikulazio prozesuko aldaketa nagusiak

1) Eskaintzaren plangintza. Onarpen prozesuan ikastetxe bakoitzean eskainiko den plaza kopuruaren irizpide nagusia izango da azpieskaintza eta gaineskaintza saihestea.

2) Plazen erreserba. Diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Plazen erreserba hori izena emateko epean eskaerak jaso ondoren ezarriko da. Erreserben ehuneko berdina izango da eragin-eremu bereko ikastetxe guztientzat.

3) Zaurgarritasun indizea. Ikastetxe bakoitzari erreferentziazko zaurgarritasun indize bat ezarriko zaio eragin eremuaren barruan. Eskaerak aurkezterakoan, familia guztiek haien egoera sozioekonomikoari buruzko inkesta bat bete beharko dute. Bildutako informazioa oinarri hartuta, zona bakoitzerako erreferentzia maila zehaztuko da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin.

4) Zonifikazioan ere doikuntzak egin dira, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako. Esaterako, udalerri handietan, hiriburuetan izan ezik, hainbat eragin eremu izatetik eragin eremu bakarra izatera pasatu da.

5) Hurbiltasuneko eskolatzea. Baremoko irizpideetan dagoen aldaketarik esanguratsuena, etxebizitzaren hurbiltasunagatik gertatzen den puntuazioan dago. Puntuaziorik handiena eskuratuko da aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan. Eragin eremu berberaren barnean hurbiltasuna saritzen duen neurria da.

6) Familiek ez dute ikastetxeak hautatzeko mugarik izango. Familia bakoitzak bere eragin eremuko ikastetxe guztiak hautatu ahal izango ditu seme-alabak eskolatzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez. Garrantzitsua izango da familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea, dagokien ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin euren interesetara.

Matrikula bizia

Matrikulazio prozesurako erabilitako irizpide eta printzipioak matrikula bizira ere hedatuko dira, hau da, behin ikasturtea hasita dela, eta ohiko matrikulazio ofizialetik kanpo gertatze den prozesurako. Horregatik, ikastetxeen artean dibertsitatea eta zaurgarritasuna modu orekatuan banatzea izango da irizpide nagusia kasu hauetan ere, eskolatze inklusiboa sustatuz. Ikastetxea familiaren etxetik hurbil egotea ere hartuko da aintzat.