Gizartea
hezkuntza
Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ez duela "euskal kulturaren transmisioa" bermatzen salatu dute Durangon
xabier urteaga | eitb media
Euskarazko kulturgintzako hainbat eragile eta sortzailek elkarretaratzea egin dute larunbat honetan, Hezkuntza Lege berriaren zirriborroaren irakurketa kritikoa egiteko.
-
Larunbat honetako elkarretaratzea. Argazkia: EITB Media
Euskarazko kulturgintzako 17 eragilek eta hainbat sortzailek kezka azaldu dute larunbat honetan Durangon, Euskadiko Hezkuntza Legearen aurreproiektuak ez dituelako funtsezko jotzen euskal kultura eta bere transmisioa. Durangoko Azokan egindako agerraldian, jakitera eman dute hori bermatzeko poprosamen zehatzak helaraziko dizkiotela Hezkuntza sailari.
Egunotan euskal kulturaren hiriburu bihurtu den eremuan egin dute agerraldia kulturgintzako eragileek. Horien artean daude Ahotsenea, Elkar Fundazioa eta euskal editoreen, idazleen eta itzultzaileen elkarteak; Euskal Pen edota Jakin, besteak beste.
Hezkuntza Legearen irakurketa kritikoa egin dute, uste baitute aurkeztutako zirriborroak ez dituela bermatzen "euskal kulturaren transmisioa eta ezagutza".
Era berean, euskara eta bere kultura "bereiziezinak" direla azpimarratu dute eta kezka azaldu dute, legearen aurreproiektuan ez daudelako ezinbesteko jotzen dituzten hainbat oinarri.
Euskal kulturari lotutako helbururik ez dagoela gaineratu dute, ezta "transmisioa eta ezagutza" bermatzeko erakunderik ere.
Hori dela eta, proposamen zehatzekin dokumentua osatu eta Hezkuntza Sailari igorriko diote. Halaber, kultur eta hezkuntza kolektiboei dei egin diete ekarpenak egiteko.