Gizartea
Memoria
Mikel Alberdi gudariaren gorpuzkiak lurperatu dituzte Tolosan
eitb media
Familiak ez zekien 1936an hildako gudariaren gorpuzkiak Zarauzko hilerrian zeudela, baina Gogora Institutuari esker, horiek berreskuratu eta Tolosako seme kutunen panteoian sartu dituzte.
-
Mikel Alberdi. Argazkia: Gogora Institutua
Mikel Alberdi gudari tolosarraren gorpuzkiak Zarauzko hilerritik atera eta Tolosan lurperatu dituzte, herriko seme kutunen panteoian, familiaren esku utzi eta gero.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburuak gudariaren gorpuzkiak eman dizkio familiari, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak eta Tolosako Udalak antolatutako ekitaldian.
Alberdi, Jagi-Jagi mugimendu politikoko kidea eta Gipuzko Mendigoizale Batzako buruzagia, 1936ko abuztuaren 16an hil zuten Albizturren. Ordutik, haren gorpuzkiak Zarauzko hilerrian egon dira, baina haren familiak, Katalunian bizi denak, ez zuen horren berririk. Familiak Mikel Alberdi lurperatu du Tolosako Udalak bere seme kutunei gordetzen dien panteoian.
Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren egia jakiteko eskubidean oinarritutako memoria historiko eta demokratikoa eraikitzeko konpromisoa berretsi du ekitaldian: "Egia jakitea eskubidea da, diktadura ez zela parentesi historikoa izan, 40 urte iraun zuen tunel beltz eta luzea baizik. Berrogei urteko errepresioa, askatasunen ukapena eta oinarrizko eskubideen urraketa".
Artolazabalen hitzetan, "egia jakiteko eskubidea ez dago gorrotoan edo mendeku nahian oinarrituta. Gure etorkizuna eta elkarbizitza eredua gudarien eta milizianoen oroimenean, adibidean eta duintasunean oinarritu nahi izateak mugiarazten gaitu, beren herriaren, askatasunaren eta demokraziaren defentsan egiten duten borrokan".
Nuria Alberdik, Mikelen bilobak, familia osoaren izenean aitonaren gorpuzkiak berreskuratu ahal izatea eskertu du, eta, aldi berean, horrek bere memoria eta historia pertsonala berreskuratzeko aukera ematen diela aipatu du.