Itxi

Gizartea

leherketa

Leherketa bat izan da Ukrainaren Madrileko enbaxadan

agentziak | eitb media

Enbaxadako segurtasun-zaindari batek gutun-azala ireki eta eztandak zauri arinak eragin dizkio. Ospitalean artatu behar izan dute, baina bere kabuz iritsi da bertara. Handik gutxira, sendagiria jaso du. Kievek atzerriko ordezkaritza diplomatiko guztien segurtasuna indartzeko agindua eman du.

  • Poliziak enbaxadaren ingurua itxi du. Argazkia: EFE

    Poliziak enbaxadaren ingurua itxi du. Argazkia: EFE

Ukrainaren enbaxadako langile bat arin zauritu da Madrilen, lehergailu batek diplomazia ordezkaritzan eztanda egin ostean. EFE agentziaren arabera, zauritutako langileak jaso duen gutun-azal batean zihoan lehergaia.

Poliziak terrorismoaren aurkako protokoloa aktibatu du, eta enbaxada dagoen eremua hesitu du. Polizia-unitateak eta lehergailuak indargabetzen adituak diren agenteak bertaratu dira ezbeharraren lekura.

Langileak gutun-azala ireki eta eztandak zauri arinak eragin dizkio. Ospitalean artatu behar izan dute, baina bere kabuz iritsi da bertara. Handik gutxira, sendagiria jaso du.

Iturrien arabera, gutun-azala enbaxadoreari zuzenduta zegoen, baina ez dute eskanerretik pasatu, enbaxadako lorategiko segurtasun-zaindariak ireki du.

Ukrainako Atzerri Ministerioak etxean egindako lehergailuaren eztanda ikertzeko eskatu die Espainiako agintariei. Oleg Nikolenko Ukrainako Atzerri bozeramaileak Facebooken zabaldutako mezu batean azaldu duenez, Dmytro Kuleba Ukrainako diplomazia-buruak "Ukrainako misio diplomatikoaren aurkako erasoa ikertzeko premiazko neurriak hartzea eskatu dio Espainiako homologoari".

Gainera, Kulebak atzerriko ordezkaritza diplomatiko guztien segurtasuna indartzeko agindua eman du.