Gizartea
Epaia
Bi urteko zigorra, La Manadaren biktimaren datuak foro batean zabaltzeagatik
EITB MEDIA
Ez da kartzelan sartuko, 1.320 euroko isuna ordaindu beharko du, eta biktimari 20.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.
-
Nafarroako Auzitegia, artxiboko irudian, La Manadaren aurkako epaiketan zehar. Argazkia: EFE.
Kataluniako gizon batek, militar ohia bera, bertan behera utzi duten bi urteko zigorra onartu du La Manadaren biktimaren datuak eta irudiak Interneteko foro batean zabaltzeagatik. La Manada gizon batzuek osatutako taldea zen, izen hori euren buruari beraiek jarrita, eta 2016ko sanferminetan talde bortxaketa egin zioten emakume bati.
Asteazkenean Bartzelonan egindako epaiketan, akusazioen eta defentsaren akordioa izan da; horren ondorioz, gizonak onartu ere onartu du 1.320 euroko isuna ordaintzea, eta biktimari 20.000 euroko kalte ordaina ematea.
Akordioa ikusia, epaileak asteazkenean bertan eman du epaia, ahoz; epaia osorik argitaratuta argituko da foroak arduradun zibil subsidiario gisa erantzungo duen, hau da, kalte ordaina ordaindu beharko duen zigortuak egin ezean.
Bi urteko zigorra denez, defentsak eskatu du ez sartzea kartzelan, eta, akusazioen abala aldean, epaileak onartu egin du. Baldintza da hurrengo hiru urteotan ez egitea deliturik.
Gizonak bi deliturengatik jo du erruduntzat bere burua: bata osotasun moralaren aurkakoa da, eta bestea, aldiz, sekretuak ezagutzera ematea. Foro batean, emakumeak pairatutako sexu erasoaren bi argazki argitaratu zituen; Nafarroako Auzitegiak bost gizon zigortu zituen horregatik.
Halaber, 100.000 jarraitzaile zituen beste foro batean, emakumearen datu pertsonalak argitaratu zituen, tartean, argazki batzuk, NANaren kopia bat, eta non bizi zen.
Zigorrak (irmoa da) kontuan izan du generoaren bereizkeriaren astungarria, bai eta behar ez bezalako atzerapenen eta droga mendekotasunaren aringarriak ere; lehen aringarriaren ondorioz, prozedura luzatu egin da.