Gizartea
''Bai bakarrik da bai' legea
Berdintasun Ministerioak matxismoa egotzi die epaileei; eta Botere Judizialak dio legea betetzen ari direla
Agentziak | EITB Media
Lege berria indarrean denetik bortxatzaile batzuei zigorra murriztu zaiela eta, oso kritiko azaldu da Irene Montero ministroa. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak legea babestu du "abangoardiakoa" dela argudiatuta, eta epaileek irizpidea bateratuko dutelakoan dago.
Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak estu hartu ditu epaileak "Bai bakarrik da bai" legeari buruz egiten ari diren interpretazioa tarteko. "Matxismoak eraginda, epaileak gaizki aplikatzen ari dira legea edo ez dira betetzen ari", kritikatu du.
Atzo Espainiako Gobernuko PSOEren buruzagi batzuek salatu zutenez, hainbat bortxatzaileri zigorra murriztu diete araudi berria aplikatuta. Horren aurrean, Maria Jesus Montero eta Isabel Rodriguez ministroek legea berrikusteko deia egin zuten.
Horren kontra azaldu da gaur Unidas Podemosen ministroa, eta matxismoari egotzi dio arazoa. "Gertatzen dena da epaileak ez direla legea betetzen ari. Gauza bera gertatu zaigu Haurtzaroa babesteko legean, tratu txarrengatik zigortutako gizonen bisita erregimenarekin", azaldu die kazetariei.
Horren aurrean, ministro feministak iragarri du justiziako langileen artean derrigorrezko formazioa indartuko dutela. Bien bitartean, honakoa azpimarratu du: "Espero dut euren irizpideak bateratzea emakumeen eskubideen alde eta erasotzaileen inpunitatea ez bermatzeko bidean".
Bien bitartean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak erabat babestu ditu Monteroren ministerioa eta "Bai bakarrik da bai" legea bera. Horren aburuz, araudia "abangoardiakoa" da, sexu delitu guztiak erasotzat hartu direlako. "Oso aurrerapen garrantzitsua da", azpimarratu du Balin, G-20ko goi bileraren ondotik, egindako adierazpenetan.
Auzitegiekiaren "konfiantza" duela erantsi du gobernuburuak: "Ziur naiz badutela sentsibilitatea hain larriak diren delitu horien aurrean. Ikusiko dugu zer dioten bai epaitegiek, bai Fiskaltzak; espero dut irizpideak bateratzea, eta hortik aurrera, ikusiko dugu zer egin".
Botere Judiziala, epaileen alde
Bere aldetik, Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak (BJKN) errefusatu egin ditu epaileei egindako "eraso onartezinak", eta legea betetzen ari direla defendatu du.
Agiri batean, Botere Judizialak adierazi du "politikari batzuek" egindako adierazpenek biktimen konfiantza urratzen dutela, biktimak eurak "babesgabe" utzita.
Alderdi Popularrak "berehala" berrikustea eskatu du
Bestalde, Alderdi Popularrak ekimena aurkeztu du Senatuan, goi ganberak legea "lehenbailehen" berrikusteko eska diezaion Espainiako Gobernuari. Javier Maroto PPk Senatuan duen bozeramailearen hitzetan, sexu delituen tipifikazio berriaren ondorioz, bortxatzaileak "kartzelatik ateratzen ari dira edota euren zigorrak murrizten dituzte Irene Monteroren eta Pedro Sanchezen erruz".
Salatu duenez, Gobernuak indarkeria matxistaren biktimen kontrako "akats konponezina" egin du.