Gizartea
Hondakinen kudeaketa
Jaurlaritzak % 15era murriztuko ditu zabortegira doazen hondakinak 2030. urterako
ane santesteban | eitb media
Arantxa Tapiak gaur aurkeztutako ibilbide orriaren arabera, 2022 eta 2030 artean, 10 milioi tona hondakin isurtzeari utziko zaio. Era berean, 2030era arte Euskadin isurtzeko autosufizientzia bermatu nahi da. Aurreratu dutenez, ez da zabortegi berririk irekiko.
-
Mutiloako zabortegi itxia, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak EAEn sortzen diren hondakin ez-arriskutsuak tratatzeko jarduera sorta berria aurkeztu du asteazken honetan, 2022 eta 2030. urteen artean 10 milioi tona hondakin isurtzeari utziko zaiola aurreikusi duena.
Ibilide orriak funtsezko bi helburu izango ditu: alde batetik, hondakin horien isurketa-bolumena nabarmen murriztea, 2030ean sortutakoa guztiaren % 15ean kokatu arte; eta, bestetik, 2024tik aurrera, baimendutako instalazioek Euskadin sortutako isuria jasotzeko behar adinako gaitasuna izatea bermatzea, hemendik kanpo eraman beharrik gabe.
"Proiektu horiekin, orainari erreparatu nahi diogu, eta baita etorkizunari ere", adierazi du Ingurumen sailburuak.
Bide orriaren arabera, datozen urteetan hondakin ez-arriskutsuak jasoko dituzten zortzi zabortegiak honako hauek izango dira: Gardelegi (Araba), Epele eta Aizmendi (Gipuzkoa), eta Igorre, Bistibieta, Betearte eta Zalla (Bizkaia). Isurketa-ahalmena 4,7 milioi tonatan handituko litzateke Igorreko, Bistibietako eta Betearteko isurketa-instalazioen aurreikusitako handitzeekin; Epele berriz irekitzearekin; eta Artxanda zaharberritzearekin.
2030era arteko epemugarekin, birziklatzea eta balorizazioa bultzatuko ditu, eta bigarren mailako materialei erabilera berriak emango dizkieten dekretuak onartzea, isurketen euskal kanona ezartzea, eta instalazio publiko eta pribatu batzuk aldi baterako zabaltzea aurreikusten du, Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana betez.
Aurreikusitako neurriekin, 2024 urtetik aurrera, hondakinen kudeaketan autosufizientzia bermatuko da, eta Administrazioaren kontrola indartuko da zabortegien jardueran.