Gizartea
8.000 milioi biztanle
8.000 milioi biztanle Lurrean: ba al dago planetan behar adina baliabide natural?
JESUS ELORDUI | EITB MEDIA
Galdera hori egin diogu Stefano Balbi Ikerbasqueko ikertzaileari; izan ere, jasangarritasunaren gainean ikertzen du BC3 zentroan. Esan digunez, biztanleria ez ezik, kontsumo maila eta teknologia ere izan behar ditugu kontuan erantzuna eman ahal izateko.
-
Grafikoa: EITB Media.
Asteartean, hilak 15, Lurrak 8.000 milioi biztanleko muga gainditu du; hala kalkulatu du NBEk "Munduko Biztanleriaren gaineko Ikuspegiak 2022" txostenean. Ildo horretan, eitb.eus-ek jakin nahi izan du ea gure planetak biztanleria kopuru horri aurre egiteko adina baliabide natural dituen, ala, alderantziz, baliabide horiek agortzen ari diren, eta Lurrarentzat ezinezkoa den biztanleriaren gorakadari eustea.
Erantzuna Stefano Balbi jasangarritasunaren gaineko ikertzaileak eman digu. Balbi Ikerbasqueko ikertzailea da BC3n, alegia, Basque Centre for Climate Change zentroan. Esan digunez, biztanleriak planetan duen eragina aztertzeko, kopurua kontuan izan behar da, bai, baina ez hori bakarrik, beste bi eragile ere daudelako: bata, kontsumo maila, eta bestea, teknologia.
1) 8.000 milioi biztanle gara, baina % 10 aberatsenak CO2 emisioen ia % 50 sortzen ditu
"Gehieneko puntura ari gara iristen", dio Stefano Balbik, biztanleria hizpide; izan ere, "askoz gehiago ere haz zitekeen", azaldu digu, grafiko bat erakutsiz. Kalkulua da 2050erako 2.000 milioi biztanle gehiago izatea, hau da, 10.000 milioi, eta 10.400 milioi, handik 30 urtera, 2080an.
"Biztanleriak zerikusia du: zenbat eta ugariagoa, orduan eta eragin handiagoa", azaldu du ikertzaileak, "baina kontsumo mailari eta teknologiari ere erreparatu behar zaie". Kontsumo maila handiagoa izango da herrialdea aberatsa bada, eta teknologiak iturri berdeak erabiltzen lagundu ahal du; azken hori ere mesedegarria izango litzateke, planetaren jasangarritasunari dagokionez.
2) Elikadura: 10.000 milioi pertsona elikatzeko erronka, iturri fosilik erabili gabe
"10.000 milioi pertsonari jaten ematea erronka da", nabarmendu du Stefano Balbik, 2050erako aurreikusita dagoen egoeran kokatuta (urte horretarako, kalkulua da orain baino 2.000 milioi biztanle gehiago izatea). Teknologia, alegia, hasieratik zehaztutako hiru eragileetako bat, gakoa izan liteke lan horretan: "Nitrogenoa, fosforoa, eta potasioa, industria ekoizpenean, iturri fosiletatik datoz", ohartarazi du. Ondorioz, baliteke agroekologia izatea egoera zuzentzeko moduetako bat: "Hidrogeno berdea erabiliz sortutako ongarriak" ere, dio, beste aukera bat izan litezke.
3) Garapen jasangarria: zer egin ahal dugu gure egunerokoan?
"Gure ikuspuntua aldatu behar dugu", azpimarratu du ikertzaileak: "Ongizateak ez du zertan ekarri gauzak kontsumitzea", dio. Garraio publikoaren aldeko apustua egin ahal dugu, eta orokorrean, gutxiago kontsumitzen ahalegindu beharko ginateke. Balbiren esanetan, laburbilduz, "bizitzaren kalitatea bilatu behar dugu, ez horrenbeste kantitatea".