Itxi

Gizartea

Larrialdi klimatikoa

Zeintzuk dira munduan gehien kutsatzen duten herrialdeak?

TS.J. | EITB MEDIA

COP27 Klimaren Goi Bilerak erronka handia du aurrean: CO2ko isurketak murriztea, nazioarteko eskaria handitzen den bitartean. Batzar horretan zeresan handia izango dute mundu mailan gehien kutsatzen duten herriek. Zeintzuk dira?

  • Kutsadura Indiako hiriburuan. Argazkia: EFE

    Kutsadura Indiako hiriburuan. Argazkia: EFE

Planetaren CO2 isurketa-maila murrizteko konpromisoa gauzatzeko itxaropenarekin abiatu dute igande honetan Egipton COP27 Klimaren Goi Bilera, eta bilkura garrantzitsu horren hasieran, atmosferara berotegi-efektuko gas kopuru gehien botatzen dituzten herrialdeaz galdekatu dugu, eta baita alor ekonomiko kutsatzaileenetarikoen gainean ere.

Herrialde kutsatzaileenak

Gehien kutsatzen duten herrialdeak industrializatuenak ere dira, hala nola, Txina, Amerikako Estatu Batuak eta India, BP Statistical Review of World Energy 2021 datuen arabera (iturria: Selectra.com). 2020 bitartean, Txinak CO2ko 9,9 mila milioi tona isuri zituen; AEBek, 4,4 mila milioi tona; eta India, 2,3 mila milioi tona. Hirurek dute ikatzarekiko menpekotasun handia. Jarraian doaz Errusia, Japonia eta Iran.

Per capita errentari erreparatuta, berriz, herrialde kutsatzaileenak arabiarrak dira, hau da, Qatar, Kuwait eta Saudi Arabia. Selectra.com-ek azaldu duenez, petrolioak pisu handia dauka haien ekonomietan eta biztanle gutxiko herrialdeak dira.

Izan ere, Nazio Batuen Erakundearen hitzetan, munduko aberatsen % 1ek CO2 isurketa gehiago botatzen du munduko txiroenen % 50a baino.  

Europara itzulita, CO2ko isurketaren laurden bat Alemaniak isurtzen du, ikatzarekiko menpekotasun handia dela-eta.

Alor kutsatzaileenak

ENERGIA

Erregai fosilak eta ikatza badira oraindik ere energia ekoizteko erabiltzen diren bide nagusiak, eta kutsatzaileenak ere, Thomson Reuters agentziak zabaldutako datuen arabera. CO2ko isurketen % 60a energiari dagokio.

GARRAIOA

Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, isurketen % 20 garraiotik dator, eta % 2 aire-trafikotik. Ondorioz, garraio kutsatzaileena da hegazkina.

MODA

Arropa ekoizteak eta munduko bazter guztietara bidaiatzeak isurketen % 10a dakarte. Nazio Batuen Erakundeak salatu duenez, azken urteetako "moda arina" bereziki kutsatzailea da, arropa arin ekoiztu, merke saldu eta laster baztertzeko joera horrengatik.

ELIKADURA

Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, haragi kilo bat ekoizteko 15.000 litro ur behar dira (arroza kilo bat ekoizteko, ordea, mila eta 3 mila litro ur artean). Elikaduraren alorrak CO2ko isurketen % 10a dakar.