Gizartea
Kantabriako Auzitegia
Zortzi emakumek eta gizon batek epaituko dute Castron ustez bikotekidea hil eta zatitu zuen emakumea
Agentziak | EITB Media
Carmen Merinoren kontrako ahozko epaiketa hasiko da gaur, Jesus Mari Baranda 67 urteko bizkaitarraren hilketagatik. Biktimaren garezurra kutxa batean gordeta eman zion lagun bati.
Zortzi emakumek eta gizon batek epaituko dute, gaurtik aurrera, 2019an Castron ustez bikotekidea hil eta zatikatu zuen emakumea Kantabriako Auzitegian. Herri epaimahaia ostiralean osatu zen.
67 urteko bizkaitarra hiltzea leporatzen dioten emakumea espetxean dago, behin-behinean. Biktimaren garezurra kutxa batean gordeta eman zion lagun bati, Castro Urdialesen, bikotea bizi zen tokian.
Carmen Merinoren kontrako ahozko epaiketa 10:00etan hasiko da, aurretiazko izapideekin eta akusatuaren beraren deklarazioarekin. Hiru urte daramatza behin-behineko espetxealdian, eta 25 urteko kartzela zigorra eskatu dute Jesus Mari Barandaren hilketagatik.
Akusatuak 64 urte ditu orain, eta Sevillan jaio zen. Duela urte batzuk Castro Urdialesera (Kantabria) joan zen bizitzera. Han ezagutu zuen Jesus Mari, 67 urteko banku langile ohia. Biktimak Bilbon, Balmasedan eta Laudion lan egin zuen.
Apirilean, Jesus Mari desagertu ondoren, irailean, Carmenen lagun batek Guardia Zibilari jakinarazi zion kirats handia ateratzen zela emakumeak etxera eraman zion kutxa batetik.
Lagun horrek bere etxera hurbildu ziren poliziei aitortu zien Carmen Merinok esan ziola kutxan jostailu sexualak zeudela, eta etxetik atera nahi zituela, Guardia Zibilak miatu egin behar zuelako bikotekidea desagertu zenean.
Agenteek kutxa ireki zutenean, hilabete batzuk lehenago desagertutako gizonaren garezurra aurkitu zuten barruan.
Haren bikotekidea biharamunean atxilotu zuten, eta ordutik, behin-behineko espetxealdian dago Santoñako El Dueso espetxean, eta behin baino gehiagotan uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari.
"Interes ekonomikoak bultzatuta"
Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat, eta uste du Carmen Merinok, "interes ekonomikoak mugituta", antolatu zuela bikotekidea hiltzeko plana.
Gaineratu duenez, krimena etxe barruan egiteko prestatu zuen, lekukorik egon ez zedin, eta gizonari lasaigarri bat eman zion lokartzeko.
Halaber, Fiskaltzak 20.000 euroko kalte-ordaina eskatu du biktimaren lau seniderentzat (bi seme-alabak, anaia eta lehengusua), kalte moralengatik.
Akusazio partikularra, gizonaren bi semeak ordezkatzen dituena, bat dator Fiskaltzaren zigor eskaerarekin. Erantzukizun zibil gisa, 70.000 euroko kalte-ordaina eskatu du.
Defentsak, aldiz, akusatuaren absoluzioa eskatu du, deliturik egin ez duela iritzita.
Epaiketa hamar saiotan egingo dute azaroaren 18ra arte, Kantabriako Lurralde Auzitegian.
Ahozko saioak azaroaren 7an hasiko dira, akusatuaren deklarazioarekin, eta 8, 9 eta 10ean deklaratuko dute Fiskaltzak, akusazioak eta defentsak proposatutako lekukoek.