Gizartea
Bide Segurtasunaren Ituna
EAEko 14 erakundek eta elkartek bide segurtasunaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko ituna sinatu dute
EITB MEDIA
Jaurlaritzak, hiru Aldundiek, Euskadiko hiru hiriburuetako Udalek eta hainbat erakundek, tartean EITB Mediak, 17 konpromiso hartu dituzte trafiko istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizartea izatera iristeko.
Euskal Autonomia Erkidegoko 14 erakundek eta elkartek bide segurtasunaren eta mugikortasun jasangarriaren aldeko ituna sinatu dute ostiralean. Jaurlaritzak, hiru Aldundiek, Euskadiko hiru hiriburuetako Udalek eta hainbat erakundek, tartean EITB Mediak, 17 konpromiso hartu dituzte zirkulazio istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizartea izatera iristeko.
Jaurlaritzak prentsa ohar bidez adierazi duenez, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna Euskadiko Bide Segurtasunaren eta mugikortasun seguru, jasangarri eta efizientearen aldeko konpromiso etikoa da. Ekimen aitzindaria da, eta helburu bikoitza du: alde batetik, 2030erako, 2020rekin alderatuta, % 50 murriztea Euskadiko kale eta errepideetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua; bestetik, 2050erako "Vision Zero" betetzea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko kale eta errepideetan zero hildako edo zauritu larri izatea lortzea.
Ituna honako hauek sinatu dute: Iñigo Urkullu lehendakariak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko presidenteak, Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Ainhoa Alustiza EITB Mediako zuzendariak, Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkariak, Raul Mena Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren ordezkariak, Marian Cogollos Aesleme Elkartearen ordezkariak, Felix Ortiz de Zarate Euskofederpen Elkartearen ordezkariak, Ana Novella Istripuak Stop Elkartearen ordezkariak, eta Rosa Maria Trinidad Bide Indarkeria Stop Elkartearen ordezkariak.
Gainera, dio Jaurlaritzak, hemendik aurrera, itun horrekin bat egin dezakete bide segurtasunaren esparruan esku hartzen duten sistema publiko eta pribatuko eragile guztiek.
17 konpromiso
OMEren kalkuluen arabera, munduan urtean 1,3 milioi pertsona hiltzen dira zirkulazio istripuen ondorioz, hau da, 3.700 pertsona egunean. Berez, istripuak dira 5 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen heriotza kausa nagusia. Zifra horien aurrean, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak Bide Segurtasuna eta mugikortasun seguru eta jasangarria sartu zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan, eta, bide horri jarraituz, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak 17 konpromiso hartu ditu, Itunarekin bat egin duten erakunde guztiek egindako ekarpenetatik abiatuta, zirkulazio istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizartea izatera iristeko erantzukizun eta lankidetza partekatua areagotzeko. Halaber, 17 konpromiso bateratu horiez gainera, erakunde bakoitzak konpromiso indibidual batzuk zehaztuko ditu, eta, hemendik aurrera, horien jarraipena eta ebaluazioa egingo da gobernantza eredu egituratu baten bidez.
Azken helburua da Euskadi Europan erreferente izatea Bide Segurtasunean eta zirkulazioaren kudeaketan, hildakoen eta zauritu larrien kopurua murrizteko helburu globala betez.
Ituna sinatu duten erakundeek, lehenik eta behin, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda inplementatzea eta bide segurtasuna eta mugikortasun seguru eta jasangarria bermatzeko aliantza estrategikoak ezartzea adostu dute, bai eta erakundeen arteko lankidetza eta lankidetza publiko-pribatua indartzea, "2030erako gure kale eta errepideetan hildakoen eta larriki zauritutakoen kopurua erdira murrizteko". Ildo horretan, istripuen ondoriozko Zero Biktimaren Ikuspegia osatuko duten politikak ezarriko dituzte, 2050era begira, "Euskadi bide segurtasunaren eta mugikortasun seguru eta jasangarriaren arloan Europako erreferente izan dadin".
Bide segurtasunaren, osasunaren, berrikuntzaren, hezkuntzaren, justizia, ekitatearen, berdintasunaren, udalerri eta hiri jasangarrien, errepide seguruen eta klima aldaketaren arteko interdependentziari helduko diote, pertsonak politika guztien erdigunean jarrita, eta mugikortasun aktiboa indartuko dute (bizikletaren edo beste garraiobide osasungarri batzuen erabilera), eta garraio sistema seguruak, merkeak, irisgarriak eta jasangarriak bultzatuko dituzte, garraio publikoa eta garraio txartelen elkarreragingarritasuna sustatuz.
Hiri eredu berrien alde egingo dute, pertsonen joan-etorriak eta salgaien garraioa osasunerako, segurtasunerako, ingurumenerako eta tokiko ekonomiaren garapenerako kaltegarriak izan ez daitezen; halaber, sarean ezbehar tasa handiko eremuak ezabatzeko eta hobekuntza potentzial handiko eremuak hobetzeko estrategiak plani¿katu eta koordinatuko dituzte, jarduketa zuzentzaile eta prebentiboen bidez. Euskadiko bide sarea osatzen duten errepideen kudeaketa integral, adimentsu, dinamiko, seguru eta jasangarriaren alde egitea da hartutako beste konpromisoetako bat.
Euskadiko bide sareko azpiegiturak mantentzearen alde egingo dute, bide segurtasuna etengabe hobetzeko eta berrikuntza eta teknologia berrien erabilera bultzatuko dute, adimenean oinarritutako bide segurtasuneko ereduak sustatu eta mugikortasunaren eta errepideen kudeaketa prozesuak optimizatzeko.
Kolektibo zaurgarriak bereziki babestuko dituzten politikak bultzatuko dira, "hots, bizikleta erabiltzen dutenak, motor gidariak, oinezkoak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, adinekoak eta haurrak", eta kontzientziaziorako eta sentsibilizaziorako prestakuntza programak sustatuko dituzte, zirkulazio istripuak prebenitzeko eta bizikidetzan eta errespetuan oinarritutako jokabide arduratsuak bultzatze aldera.
Zirkulazioaren arloan indarrean dauden arauak ez betetzeak dakartzan arriskuei eta ondorio legalei buruzko informazioa emango diete bide erabiltzaileei, eta EAEko enpresei eta erakundeei eskatuko zaie laneko bide segurtasuna sar dezatela, enpresen eta langile autonomoen laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketan. Horrez gain, istripuaren ondoren erantzun eraginkorra ziurtatuko dute (laguntza psikologikoa, soziala eta legala biktimentzat eta haien senideentzat).
Azkenik, konpromisoa hartzen dute ituneko akordioak ezagutzera emateko, eta herritarrei helarazteko mezu hau: bide segurtasuna gizarte osoaren erantzukizuna dela. Gainera, gobernantza prozesu eraginkorra abiaraziko dute, Bide Segurtasunaren aldeko Euskal Ituneko konpromisoen ezarpen egoera ebaluatzeko eta ezarritako helburuak lortzeko bidean zenbat aurreratu den neurtzeko.
"Heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez da onargarria"
2000. urtean, Euskadin 218 pertsona hil ziren zirkulazio istripuetan, eta 2021ean, aldiz, 42 (2010ean 67 izan ziren, 2015ean 53, 2019an 51). Jaurlaritzak nabarmendu du beheranzko joera argi eta garbi finkatu dela, eta, berez, Euskadiko milioi biztanleko istripu larrien tasa Europako iparraldearekin bakarrik aldera daiteke: "Baina zifrak, oraindik ere, ez dira onargarriak; horregatik, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak argi eta garbi adierazten du zirkulazio istripuen ondoriozko heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez dela onargarria, eta hildakoak edo zauritu larriak eragin dituen istripu baten azken erantzulea ez dela bidea erabiltzen duen pertsona bakarrik, baizik eta baita Bide Segurtasunaren arloan esku hartzen duten gainerako eragileak ere".
Horrela, burutu den aliantzak aditzera ematen du erakundeek eta euskal gizarteak bide segurtasunarekin, pertsonen bizitzarekin eta gizarte-ongizatearekin hartzen duten konpromisoa. Era berean, garraio publikoa suspertuko duen eta kolektiborik zaurgarrienen, hau da, oinezkoen, txirrindularien, motor gidarien, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidarien, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta adingabeen, babesa lehenetsiko duen mugikortasun segurua sustatzeko erakundeen arteko eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza indartu ere egiten da.
Bestalde, helarazten da istripuen ondoriozko hildakorik edo zauritu larririk gabeko errepide sarea izatea lortzea gizarte osoari dagokion erronka globala dela: "Erantzukizun partekatua da, beraz, eta zirkulazio arauak betetzetik eta bideko erabiltzaileen arteko elkarbizitzatik eta errespetutik abiatzen da".