Gizartea
Klima aldaketa
Europako tenperaturak munduko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago igo dira azken 30 urteetan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Munduko Meteorologia Erakundearen txosten baten arabera, kontinente zaharreko tenperaturak nabarmen egin du gora 1991-2021 aldian, hamarkada bakoitzeko +0,5 °C inguruko batez besteko erritmoan.
Europako tenperaturak munduko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago igo dira azken 30 urteetan, Munduko Meteorologia Erakundeak egindako txosten baten arabera.
Datu horiek bat datoz eitb.eus-ek urrian egindako eguraldiaren erradiografiarekin: 2022ko urrian Euskal Herriko zazpi estaziotan jasotako tenperatura maximoen batezbestekoa 24,3 gradukoa izan da; horrek esan nahi du aurreko bost urteetako urrietan izandako maximoen batezbestekoa baino 4,5 gradu altuagoa izan dela.
Zehazki, Europako tenperaturak nabarmen egin du gora 1991-2021 aldian, hamarkada bakoitzeko +0,5 °C inguruko batez besteko erritmoan.
Ondorioz, Alpeetako glaziarrek 30 metroko izotz-lodiera galdu dute 1997 eta 2021 artean, eta Groenlandiako izotz-mantua urtzen ari da; horrek itsas mailaren igoera bizkortzen laguntzen du.
Hala ere, dokumentuaren arabera, Europako hainbat herrialdek berotegi efektuko gasen isuriak nabarmen murriztea lortu dute. Europar Batasunak, 1990 eta 2020 artean, gas mota horren isuriak % 31 murriztu zituen, eta 2030erako isuriak % 55 murrizteko helburu garbia ezarri du.
"Europa berotzen ari den mundu baten isla da, eta ondo prestatutako gizarteak ere muturreko fenomeno meteorologikoen ondorioetatik salbu ez daudela gogorarazten digu. Aurten, 2021ean bezala, Europako eremu zabaletan eragin handia izan dute bero bolada handiek eta lehorteek, eta baso suteak elikatu dituzte. 2021ean, ezohiko ur goraldiek heriotza eta suntsipena eragin zuten", azaldu du Petteri Taalas MMEko idazkari nagusiak.