Gizartea
SUTEAK
Sute arriskuengatik ezarritako murrizketak bertan behera geratuko dira gauerdian, EAEn
EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA
Alerta laranja abisu horira igaroko da 24:00etan. Nafarroan ere sute arriskua oso altua da eta sutea eragin dezaketen jarduerak ez egiteko eskatu dute agintariek.
-
Suhiltzaile bat lanean, Berangoko sutean. Argazkia: EITB
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bertan behera utziko ditu gaur gauerdian, baso sute arriskuagatik ezarritako murrizketak, egoera meteorologikoak onera egingo duelako, iragarpenen arabera. Hala, EAEko kostalderako ezarritako alerta laranja abisu horira igaroko da 24:00etan, Mediterraneo isurialderako ezarritakoarekin berdinduz.
Gogoratu behar da barbakoak egitea, sastrakak erretzea zein sua edonola erabiltzea debekatu zuela Jaurlaritzak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean eta Aiarako kuadrillan (Araba), landa eta nekazaritza eremuetan eta urbanizagarriak ez diren lurzoruetan.
Azken orduetan, bestalde, Berangon guardia lana egiten ari ziren suhiltzaileek gauean berpiztu diren bi sute txiki itzali dituzte. Goizean sutea erabat itzalita zegoen baina larrialdi zerbitzuek bertan jarraitzen zuten, badaezpada ere, Foru Aldundiko iturrietatik jakinarazi dutenez.
Tenperaturak 30 graduren bueltan ibili dira azken egunetan, hego haizea zakar dabil eta lurraldea oso lehor dago eta testuinguru horrek erraztu egiten du suteak piztea. Gaur goizaldea ere sargoria izan da. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bildutako datuen arabera, 07:00ak aldera 26 gradutik gorako tenperaturak neurtu dituzte
Nafarroa ere sute-arrisku larrian dago
Baso-sute arriskua "oso altua" edo "muturrekoa" da Nafarroa osoan ere, eta sutea eragin dezakeen jarduera oro ez egitea aholkatzen dutela agintariek.
Nafarroako suhiltzaileek ere lan eskerga izan dute azken orduetan. Sute bat piztu zen atzo arratsaldean Eneritz eta Muruzabal artean, Montemotxan, eta suhiltzaileek Ablitasera, Luzaidera, Melidara eta Murchantera ere joan behar izan zuten baso-suteengatik. Gaur, berriz ere itzali egin behar izan dute Luzaidekoa, haizeak sugarrak berpiztu eta gero.