Gizartea
Muturreko arriskua
Suhiltzaileek zenbait baso-sute itzaltzea lortu dute Nafarroan
eitb media
Sute bat piztu zen ostiral arratsaldean Eneritz eta Muruzabal artean, Montemotxan, eta suhiltzaileek Ablitasera, Luzaidera, Melidara eta Murchantera ere joan behar izan dute baso-suteengatik.
Nafarroako suhiltzaileek lan gogorra izan dute azken orduetan baso-suteak kontrolatzeko.
Atzo arratsaldean sutea piztu zen Eneritz eta Muruzabal arteko baso inguru batean, Montemotxan, baina ordu batzuetara kontrolatzea lortu zuten. Dena den, suhiltzaileak bertan egon dira gaur goizera arte sutea berpiztu ez zedin. Cordovillako, Tafallako eta Lizarrako suhiltzaileak bertaratu ziren.
Gainera, baso-suteak itzaltzera joan behar izan zuten Ablitasera, Melidara, Murchantera eta Luzaidera.
Azken horretan, gainera, berpiztu egin da sua gaur goizean, eta iristeko zaila den inguru bat denez, kostatzen ari zaie erabat itzaltzea, kontrolpean duten arren, Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez. Era berean, Luzaide inguruko Donejakue bidearen zati bat moztu egin dute badaezpada ere, kearekin erromesak galdu ez daitezen.
Gogoratu behar da baso-sute arriskua "oso altua" edo "muturrekoa" dela Nafarroa osoan, eta sutea eragin dezakeen jarduera oro ez egitea aholkatzen dutela.