Itxi

Gizartea

ALERTA LARANJA

Suhiltzaileek gauean Berangon berpiztu diren bi sute txiki itzali dituzte

EITB MEDIA

Gainera, beste bi su itzali dituzte Artzentalesen eta Galdakaon. Ostiral honetan Bizkaian piztu diren hiru suteak itzalita zeuden arratsalderako, 100dik gora suhiltzaileren lanari eta anfibio hegazkinei esker.

02:27
suhiltzaileak

Berangon guardia lana egiten ari ziren suhiltzaileek gauean berpiztu diren bi sute txiki itzali dituzte, eta gaur goizean suteak erabat itzalita jarraitzen du, larrialdi zerbitzuek egindako lanari esker, Foru Aldundiko iturrietatik jakinarazi dutenez.

Unbe mendiaren hegalean suhiltzaileak zaintza lanetan aritu dira gauean, eta berpiztu diren bi sute txiki horiei aurre egitea lortu dute, atzoko sutearen eraginez 30-40 hektarea erabat kiskalita geratu ostean.

Goizeko zazpiak eta erdi aldera txanda aldaketa egin dute suhiltzaileek, eta bertan ezarrita zegoen operazio gunea desegin dute.

Hala eta guztiz ere, ingurua zaintzen jarraituko dute, gaur ere indarrean baitago sute arriskua, tenperaturak 30 gradu ingurukoak eta hego haizea oso gogorra izango baitira.

Bestalde, bi sute txiki gehiago itzali dituzte Bizkaian. Lehena Galdakaon izan da. Bertan, "skate" parke batean egur batzuei su eman diete gauerdian, baina goizaldeko ordubietarako garrak itzalita zeuden. 

Bigarrena Artzentalesen izan da, eukalipto sail batean. Suhiltzaileek pare bat ordu behar izan dituzte sua itzaltzeko, eta goizaldeko lauetarako kontrolpean zuten dena.

Zugaztieta, Berango eta Larrondo

Ostiral honetan Bizkaian piztutako hiru baso suteak 16:00ak aldera geratu ziren itzalita, 55-70 hektarea kiskali ostean. Zugaztietan (Trapagaran), Berangon eta Larrondon (Loiu) piztu ziren, eta lehorreko taldeek eremuetako ingurua freskatzen eta zaintza lanak egiten jarraitzen dute, berpiztea saihesteko.

Dena dela, Berangon kezkatuta daude oraindik suhiltzaileak, hurrengo orduetarako aurreikusten diren haize bortitzak direla eta.

Azken egunetan, tenperaturak 30 graduren bueltan ibili dira, hego haizea zakar dabil eta lurraldea oso lehor dago; bada, testuinguru horretan piztu dira suteak. Itzaltze lanetan, hegazkin anfibioak ibili ziren, eta lehorrean ehun langile baino gehiago. Egoera hauetarako prest zeuden behargin guztiak mobilizatu zituzten.

Arratsaldeko lehen orduan amaitu zen Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioko aire baliabideen lana. Sute handienean izan ziren, alegia, Berangokoan.

Lehen sutea 3:40 aldera hasi zen atzo, Arbaltzagan, Zugaztietan, Trapagaran udalerrian. Garrak Kurutzagarantz joan ziren, eta Galdameserako bidean hedatu ziren; azkenean, baina, ez zen hiriguneetara gerturatu.

0:41

25-30 hektarea kiskali zituen suak, eta 13.30 aldera itzali zuten. Bizkaiko parkeetako suhiltzaileak ibili ziren lanean (Urioste, Iurreta eta Basauri), bai eta Mendi Zerbitzuko eta Basalango teknikariak ere.

Hiru orduren buruan, 6:50 aldera, Berangoko sutea hasi zen, Unbe mendiko magalean; toki horretan, 2015ean, beste sute batek triskantza egin zuen, Sopelaraino.

Oraingoan, sutea ez zen hiriguneetara hurbildu; hala ere, arriskua saihesteko, zortzi etxebizitzetako bizilagunak atera zituzten etxetik. Hain zuzen, etxe familiabakar batzuk eta Sustatxa Bideko hainbat baserri hustu zituzten. Sopelako etxe batzuk ere hustu egin zituzten.

Unbeko errepidea itxi egin zuten. Berangon, mendiko 30-40 hektarea erre ziren, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuko buruaren arabera.

Bizkaiko Suhiltzaileak, Bilboko Udalekoak eta Arabakoak izan ziren itzaltze lanetan; baso taldeak, udaltzainak eta Ertzaintza ere ibili ziren. Ricardo Ituarte Larrialdietako zuzendariak koordinatu zituen lanak, bertan ezarritako Aginte Postuan.

Gainera, Espainiako Gobernuak, euskal erakundeek hala eskatuta, bi hegazkin anfibio bidali zituen. Goizean iritsi ziren biak, eta hainbat bidaia egin zituzten Getxora, Galeara, ura hartzeko, gero suaren gainean botatze aldera.

Aire deskarga horiek oso eraginkorrak izan ziren, eta lehorrean, gainera, makina astunak baliatu zituzten, sua ainguratzeko eta horrek aurrera egin ez zezan.

9:00ak aldera, hirugarren sutea piztu zen, Larrondon, Loiun. Bertan, 1.000 bat metro koadro erre ziren, eta Txorierriko igarobideko zirkulazioari eragin zion.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1. egoeran jarri du Euskadiko Baso Suteen Plana. Aurreikusita dago haizea zakar ibiltzea larunbatean ere; Bizkaia, Gipuzkoa eta Kantauri isurialde osoa alerta laranjan dago sutea egoteko arriskuagatik.

Duela egun batzuk, igandean, baso sute handia piztu zen Balmasedan. Astearte arratsaldean itzali zuten, eta 441 hektarea kiskali zituen. Bizkaian azken 33 urteetan izandako handiena izan da.