Itxi

Gizartea

Eguraldia

Urriko maximoak aurreko bost urteetakoak baino 4,5 gradu altuagoak izan dira

JESUS ELORDUI | EITB MEDIA

Maximoen batezbestekoa 24,3 gradukoa izan da; aurreko bost urteetakoa, aldiz, 19,8koa. eitb.eus-ek amaitu berri den hilabetearen erradiografia egin du, eta egiaztatuta geratu da oso beroa eta lehorra izan dela: prezipitazioak izan diren egun kopurua askoz ere txikiagoa izan da aurten.

  • Urriko tenperaturen grafika

    Urriko tenperaturen grafika (EITB Media)

2022ko urrian Euskal Herriko zazpi estaziotan jasotako tenperatura maximoen batezbestekoa (alegia, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Arrasaten, Paganosen eta Biarritzen izandako maximoen batezbestekoa) 24,3 gradukoa izan da; horrek esan nahi du aurreko bost urteetako urrietan izandako maximoen batezbestekoa baino 4,5 gradu altuagoa izan dela, eitb.eus-ek egindako ikerketaren arabera. Amaitu berri den hilabeteko eguraldiaren erradiografia egin dugu, eta egiaztatu ahal izan dugu oso beroa izan dela, bai eta oso lehorra ere; izan ere, 2017-2021 arteko urriak kontuan izanik, prezipitazioa izan den egun kopurua askoz ere txikiagoa izan da aurten.

Datuak sakonean aztertu aurretik, testuinguruan jarriko ditugu. Gure analisia gauzatzeko, tenperaturaren eta prezipitazioaren gaineko datu batzuk bildu ditugu, estazio hauetakoak: Arrasate, Bilbo, Donostia, Paganos (Guardia) eta Gasteiz (Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak horiek zehazten baititu, adierazgarri gisa, hileko txostenetan) Iruñea eta Biarritz.

Zehazki, bi arlotan jarri dugu fokua: alde batetik, arestian aipatutako estazioetan 2022ko urriko egun guztietan izandako tenperatura maximoetan, bai eta aurreko bost urteotako urrietan izandako maximoetan ere, konparazioa egin ahal izateko; bestetik, begiratu dugu, halaber, ea zenbat egunetan izan den prezipitazioa azken urrian eta 2017tik 2021era arteko urrietan. Prezipitazioa izan den ala ez ebazteko, Euskalmetek hileroko txostenetan erabilitako indizea baliatu dugu, alegia, kontuan izan dugu zenbat egunetan pilatu den gutxienez metro koadroko litro bat.

Datu horiek eskuratzeko, bi adituren ezinbesteko laguntza izan dugu: Zuriñe Zulaika meteorologo eta ETBko "Eguraldia" saioko zuzendariarena, eta AEMET Estatu Meteorologia Agentziak Nafarroan duen ordezkari Pello Oriarena.

Euskal Herriko eguraldiari egin diogun erradiografia nola enfokatu eta gauzatu dugun azalduta, lehenik eta behin, arrazoia eman behar diegu azken asteotan entzun ditugun hainbat eta hainbat komentariori: bai, egia da, bereziki beroa izan den hilabetea amaitu berri da, eta oso lehorra izan da. Hori berretsita, tenperaturako datuetan sakontzen hasiko gara, eta, gerora, prezipitazioa izango dugu hizpide.

Tenperatura: urriko maximoen batezbestekoa, azken bost urrietakoa baino 4,5 gradu gorago

2022ko urriko egun guztietan aztergai izan ditugun zazpi estazioetan jasotako tenperatura maximoei erreparatuta (gogoratu, hauek dira: Arrasate, Biarritz, Bilbo, Paganos, Iruñea, Donostia eta Gasteiz), batezbestekoa 24,3 graduko da. Hona hemen estazio horien datuak, aurreko bost urteetako urrietan: 21,7 °C, 2017an (hori da gertuen dagoena); 18,7, 2018an; 21, 2019an; 17,6, 2020an; eta 20,1, 2021ean. Batez besteko datua 19,8 gradukoa da; alegia, 2022ko urriko indizea 4,5 gradu gorago dago.

Berriki amaitu den hilabeteko egunik beroenak 16a, 18a eta 19a izan dira (hurrenez hurren, igandea, asteartea eta asteazkena izan ziren). Egun horietan, eta beste batzuetan ere, termometroek balio oso adierazgarriak harrapatu zituzten: Biarritzen, hilaren 18an, 31,4 gradu izan zituzten, eta 30, bi egun lehenago; Donostian 30 gradura heldu ziren hilaren 18an, eta Bilbon, 29,7ra biharamunean; gasteiztarrek 26,4 gradutan pasa zituzten hilaren 18ko tarte batzuk, hilaren 15ean 27 gradu izan zituzten, eta 27,7, urriaren 28an. Egun horretan bertan, Arrasaten, 29,4 gradu jaso zituzten, eta Paganosen, hilaren hasieran, 3an eta 4an, 29,4 eta 28,9 gradutara iritsi zen tenperatura. Iruñean, termometroa hiru egunetan ibili zen 28 graduetatik gora (3an, 4an eta 28an).

2021ean, esate baterako, aztertu ditugun estazioetan, ez zen horrelako tenperaturarik jaso. Duela hamabi hilabete, Bilboko maximoa 28,8 gradukoa izan zen, eta Paganosekoa 24,2koa, alegia, orain baino ia bost gradu gutxiago.

Prezipitazioa: erreferentziako estazioetan, gehienez, lau euri egun

Prezipitazio datuek ere erakusten dute 2022ko urria oso berezia izan dela, kasu horretan ohi baino egun gutxiagotan izan baita prezipitazioa. Zenbatzen badugu zenbat egunetan pilatu den gutxienez metro koadroko litro bat (Euskalmetek indize hori baliatzen du hileroko txostenetan), ikusiko dugu nola, urriaren 1etik 31ra bitartean, Arrasaten lau egunetan egin duela euria; hiru, Biarritzen; bi, Bilbon; sei, Donostian; bost, Gasteizen; bost, Iruñean; eta hiru, Paganosen.

Arrasaten, duela bi urte, 2020an, urriko 17 egunetan izan zuten prezipitazioa; Biarritzen, 18tan, aurreko urtean bezala, eta Bilbon, 15etan. Donostian, 2020an, 16 egunetan busti zuen, eta Gasteizen, 15etan; Iruñean eta Paganosen, aldiz, 12tan eta 11tan. Aldea nabaria da, oraingo datuei erreparatuta.

2017tik 2021erako bost urteetan, aztertu ditugun estazioetan izandako prezipitazio egunetako kopuruaren batezbestekoari dagokionez, 13 dira. Hau da, aurreko bost urteetan, batez beste, urriko 13 egunetan egin du euria, Arrasaten, Biarritzen, Bilbon, Iruñean, Donostian, Paganosen edo Gasteizen. Bada, 2022an, urrian, inon ez du bota sei egunetan baino gehiagotan, toki horiek kontuan izanik.

Azaroa, oraingoz, 20 gradutik gorako maximoekin hasi da Euskal Herriko zenbait puntutan. Ez dakigu nolako bilakaera izango duen hilabeteak meteorologiari dagokionez, egunek aurrera egin ahala eta negua gero eta hurbilago egongo den heinean; argi dago, nolanahi ere, 2022ko urria gogoan izango dugula, udazkenean baino udan izan garelako inpresioa izan baitugu.