Gizartea
Sutea Bizkaian
Linea elektrikoen gainean adar bat erori izanak eragin zuen Balmasedako sutea, lehen hipotesien arabera
EITB MEDIA
Antza denez, igande goizean izandako haize bortitzen ondorioz erori zen adarra, Ertzaintzaren eta Aldundiaren lehen hipotesien arabera.
-
Kiskalitako etxebizitzetako bat. Argazkia: EITB Media.
Ertzaintzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako ikerketen arabera, linea elektrikoen gainean adar bat erori izanak eragin du igandetik asteartera bitartean Balmasedan, Zallan eta Gordexolan 500 hektarea baino gehiago kiskali zituen sutea.
Hala, Ertzaintzako Ingurumen Atalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuak asteburuan Balmaseda inguruan izandako sutearen gainean elkarrekin egindako ikerketen arabera, igande goizeko haize zakarraren ondorioz linea elektrikoaren gainera adar bat jausi izanak eragin zuen, segur aski, sutea.
Egun hauetan, eta asteazken goizean bertan, Segurtasun Saileko eta Foru Aldundiko baliabideak ibili dira sutea sortu zen inguruan, zerk eragin ahal izan zuen argitzeko. Aurretiazko ikerketak egin ondoren, Ertzaintzako Ingurumen Atalak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuak, konpainia elektrikoarekin elkarlanean, ondorioztatu dute, hipotesi hori izango dela hemendik aurrera ikerketaren ildo nagusia.
Sutearen arrazoiak erabat argitzeko ikerketek zabalik jarraitzen dute.