Itxi

Gizartea

Sutea

Suhiltzaileek uste dute Balmasedako sutea gaur-biharretan amatatzeko moduan izango direla

Agentziak | EITB MEDIA

Arratsaldean, haizea zakartzea espero da, eta foku nagusiak (Herrera eta Nocedal, Zallan eta Arbaliza, Balmasedan) freskatzen dihardute lanean dabiltzan 36 suhiltzaile eta baso langileek.

1:18
Sua Balmasedan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Atzotik, kontrolpean dute Enkarterriko baso sutea, eta Bizkaiko suhiltzaileak "itxaropentsu" dira, uste baitute garrak gaur-biharretan itzaltzeko moduan izango direla. Hala nabarmendu du, Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Juan Atxutegi Bizkaiko Suhiltzaileen buruak: "Aurreikuspenaren arabera, espero dugu sutea datozen orduetan edo bihar amatatzea".

Haize bolada bortitzak espero dira 18:00ak arte —Jaurlaritzak abisu horia du indarrean—, eta hori horrela, hori izango dute traba nagusia. Dena dela, sutea egonkortuta dute, erabat kontrolatuta. Halere, badaezpada, baliabideak prest dituzte, egoerak berriro okerrera egin, eta sugarrak berriro piztuko balira ere.

Goizean zehar, 36 suhiltzaile eta baso langile aritu dira gunea freskatzen bederatzi ur ibilgailuren laguntzarekin (ponpa-auto eta zisternak). Gunerik aktiboenak Herrera, eta Nocedal (Zalla) eta Arbaliza (Balmaseda) auzoetan daude.

Bizkaiko Foru Aldundiko iturrien arabera, bestalde, sugarrek kiskalitako lur eremua 500 hektareatik gorakoa da. Beraz, 1989az geroztik lurraldean izan den suterik handiena da. Normalean, Bizkaiko sute denboraldiak, urria eta urtarrila bitartean, 200 hektarea ingururi eragiten die.

Sutea itzaltzeko arduradunak Burgos aldera, Mena Haranera, joan dira egoera aztertzeko, eta laguntza behar balute, emateko.