Gizartea
Eguraldia
Haize bortitzak tregoa txiki bat emango du astelehen honetan
EITB MEDIA
Hego eta hego-mendebaldeko haizeak jarraituko du aste osoan, eta astearterako 30 °C-rainoko tenperatura epelak utziko ditu.
-
Leku batzuetan hodeiak ikusi ahal izango dira gaurko egunean. Argazkia: Gonzalo Elorza - EITB
Igandeko haize bolada bortitzen ondoren, astelehen honetan, intentsitate horrek behera egingo du, baina oraindik ere, bolada gogorrak izango dira han-hemenka, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera. Hala ere, arratsalde erditik aurrera baretu egingo da, baina abisu horia mantenduko da baso suteak izateko arriskuagatik.
Astelehena hodei aldakorrekin esnatu da, zerua estalita leku batzuetan, eta ostarteak nagusi besteetan. Tenperaturak pixka bat jaitsiko dira, baina oso leunak izaten jarraituko dute, 25 °C inguruko maximoekin.
Asteartean, hego haizea eta beroa izango dira protagonista, goiz hodeitsuarekin, baina oskarbi orduak igaro ahala. Halaber, hego haizea hego-mendebaldera aldatuko da arratsaldean, eta bolada gogorrak utziko ditu, batez ere, lurraldearen mendebaldean. Tenperaturak gora egingo du kostaldean batez ere, tenperatura maximoak 30 °C ingurukoak izango baitira.
Asteazkenean, hego haizeak gure artean jarraituko du, eta arratsaldean, hego-mendebaldeko haizeak indartuko dira. Hodeiak nagusituko dira egun osoan zehar, baina ez da espero oso trinkoak izatea; beraz, ostarteak agertuko dira. Zenbait tokitan euria egin dezake, ahul eta sakabanatuta, eta tenperaturak arinduko ditu, berriz ere maximoak 25 °C-ra jaitsiz.
Azkenik, asteburuari begira, ostegunean eta ostiralean, hego haizearen joerarekin jarraituko dugu, eta aurreikusten da, ostegunean, tenperaturak apur bat gora egingo duela, zerua nahiko garbi egongo baita. Hurrengo egunean, tenperaturak apur bat jaitsiko dira, eta larunbatera arte iraungo du joera horrek.