Itxi

Gizartea

SUTEA BIZKAIAN

Balmasedako sutea, 24 orduren buruan: foku guztiak kontrolpean, eta 500 hektareatik gora erreta

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Burgosko zatia da kezkagarriena, eta Jaurlaritzak baliabide materialak eta pertsonalak bidali ditu bertara. Bizkaian, Herrera auzoan (Zalla) dago foku "aktiboena", baina "larritasun handirik gabe". Familia batek etxebizitza galdu du, suak erabat kiskali baitu.

0:39
Hegazkinak lanean.

Enkarterrietako (Bizkaia) eta Burgos iparraldeko hainbat herri kinka larrian jarri dituen Balmasedako sutea kontrolpean hartzea lortu dute azken orduetan, Eusko Jaurlaritzatik eta Bizkaiko Foru Aldunditik nabarmendu dutenez.

Lehen balantze baten arabera, eta perimetro zehatza ezarri gabe dagoela, 500 hektareatik gora erre ditu suak, Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiko Mendien Zerbitzuko buruak Balmasedako aginte postutik egindako adierazpenetan jakinarazi duenez.

Uriagerekaren arabera, foku "aktiboena" Herrera auzoan (Zalla) dago, baina "larritasun handirik gabe". "Esan dezakegu normaltasunerantz jotzen ari garela", laburbildu du.

Aurrez, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu du "egoera egonkortuta" dagoela, eta sutea ez dela "gehiago hedatuko". Dena dela, perimetroaren barruan ez da baztertzen "han eta hemen zerbait piztea".

Sua Burgosko probintziaren iparralderaino iritsi da. Hori da, hain justu, okerren dagoen gunea. Jaurlaritzak baliabide materialak eta pertsonalak bidali ditu bertara. 200 bat pertsona daude lanean, eta Gaztela eta Leongo Gobernuak espero du sutea egunean zehar egonkortuko dutela.

Sutea zerk eragin duen galdetuta, Josu Erkorekak zehaztu du hori argitzeko ikerketa abian dagoela; "oraindik goiz da hipotesiak egiteko", gehitu du.

Jaurlaritzak, gainera, Baso Suteen Arriskuagatiko Larrialdietako Plan Berezia 0 fasean ezartzea erabaki zuen atzo arratsaldean. Iñigo Urkullu lehendakaria arratsaldeko lehen orduan (14:30ean) joango da Balmasedara, itzaltze lanak bertatik bertara jarraitzeko.

Bestalde, Pedro Izaga Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdi zuzendariak azaldu du "hainbat fokutan" lanean ari direla, eta batez ere Burgoseko mugan dagoela lan gehien, Angostura inguruan (lurraldearen hego-mendebaldean). Gaztela eta Leongo Gobernuak laguntza eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari, eta horretan ari dira.

Bizkaiko aldean, Cadaguaren ezker eta eskuineko aldeko (Herreran eta Nocedalen) fokuak "kontrolpean" dituzte, baina ez itzalita. Hori horrela, sua agertzen den bakoitzean "kirurgikoki" jardungo dute, garrak amatatzen. Iragarpen meteorologikoaren arabera, haizea eguerditik aurrera apalduko da, eta horrek sutea amatatzen lagunduko du.

Familia batek etxea galdu du

Hiru etxebizitza kiskali ditu suak, baina horietako bi hutsik zeuden. "Familia batek etxebizitza galdu du", deitoratu du Erkorekak.

Aitor Larrinaga Balmasedako alkateak azaldu duenez, suak beste bi etxe kaltetu ditu, baina oraindik kuantifikatzeke daude. Gainera, lau pertsona atera behar izan dituzte euren etxeetatik, eta bi San Roque hotelean daude ostatu hartuta. "Oso une gogorrak izan dira, baina orain, itxaropentsu gaude", onartu du.

Sua larunbatean piztu zen, eta kontrolpean zegoen, baina igandeko haize bolada indartsuak tarteko, sutea berpiztu egin zen, eta kontrolik gabe zabaltzen hasi zen.

Suteak eragindako kea herriaren erdiguneraino iritsi zen, eta Putxeren jaia bertan behera utzi behar izan zuten.

Abisu horia, baso sute arriskuagatik

Atzo alerta laranja ezarri zuten EAE osoan baso sute arriskuarengatik, haize bolada bortitzen eta lurzoruak duen lehortasunaren ondorioz. Gaurkoan, abisu horia dago indarrean arrazoi beragatik.

Haizea tarteko, 780 gertakari erregistratu ditu azken orduetan SOS Deiakek EAEn: 302, Araban; 307, Bizkaian eta 171, Gipuzkoan.