Gizartea
SUTEAK BIZKAIAN
Ehun lagun inguru Balmasedako sutea itzaltzeko gaueko lantaldean
EITB MEDIA
Bi baserri kiskali dira eta sugarrek hainbat etxebizitza kaltetu dituzte; 12 familia etxetik atera behar izan dituzte igandean suagatik.
Balmasedan (Bizkaia) lau foku aktibo dituen baso-suteak Zalla eta Gordexola udalerriei ere eragiten die, eta "kontrol-fasean" jarraitzen du.
Sutearen ondorioz, Cadaguako korridorea (BI-636) itxi behar izan dute 3 ordu baino gehiagoz, Zalla eta Balmaseda artean, garrak bidetik gertu izan direlako. Kilometrotako auto-ilarak eragin ditu mozketak Bizkaiko komunikazio-bide garrantzitsu horretan, arratsaldeko bostak eta zortzi eta erdiak bitartean trafikoa desbideratu egin behar izan baitute. Halaber, sutearen ondorioz, A-624 errepidea ere itxi behar izan dute Artziniega parean, Burgosko mugan, Balmasedarako noranzkoan.
Sua Burgosko probintziaren iparralderaino iritsi da, eta kontrolatu gabe jarraitzen du. Arratsaldean, suaren kontrako operatiboa handitu egin da, eta ehun pertsona baino gehiago batu dira dira. Hogei bat ibilgailuk lan egingo dute bertatik bertara gau osoan, pertsonak eta ondasunak babesteko lehentasunarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Sutea lau foku aktibo izatera iritsi da: batetik, Arbalitzan, Arbizen eta Barrios auzoetan, eta, bestetik, mendi bereko beste hegalean, Arabako eremuan, Artziniegan.
Jaurlaritzak, gainera, Baso Suteen Arriskuagatiko Larrialdietako Plan Berezia 0tik 1 fasera igotzea erabaki du arratsaldean.
Ander Rivero Balmasedako zinegotziak Euskadi Irratiari jakitera eman dionez, bi baserri kiskali ditu suak eta 12 familia etxetik atera behar izan dituzte. Herriko polikiroldegia prestatu dute bizilagun horiei babesa emateko. Eusko Jaurlaritzak aginte-zentro aurreratua jarri du futbol-zelaian.
Ardiak ke artean, Balmasedan. Argazkia: EFE
"Sua atzo piztu zen eta kontrolpean zegoen, baina 10 minutuko tartean haize-bolada beldurgarriak izan ditugu, sutea berpiztu egin da eta kontrolik gabe zabaltzen hasi da", azaldu dio Marta de Miguel Balmasedako Udaleko euskara zinegotziak Euskadi Irratiari.
Suteak eragindako kea herriaren erdiguneraino iritsi da eguerdia baino lehen, Putxeren jaia ospatzeko dena prest zen gunera, eta bertan behera utzi behar izan dute ospakizuna. Haize-boladen indarrak, gainera, kolokan jarri du San Severino plazako erdiko agertokia eta inguruan zebilen jendearen segurtasuna ezin zenez bermatu, plaza hustea erabaki dute egoera normaldu arte.
Kea eta erre usaina inguruko udalerrietara iritsi dira, baita kostaldera ere, eta Bizkaiko suhiltzaileek eta Larrialdi zerbitzuek leihoak ixtea gomendatu dute.
El humo del incendio #Balmaseda llega hasta municipios de la costa, impulsado x fuerte viento #Haizea
— Bomberos Bizkaia (@BomberosBizkaia) October 23, 2022
Recomendamos cerrar ventanas#Bomberos trabajando
Balmasedako #sutea _ren kea kosta aldetik heldu da
Lehioak ixtea komenigarria da#Suhiltzaileak lanean@112_SOSDeiak @Euskalmet https://t.co/Z97eJSWPrn
Aitor Larrinaga Balmasedako alkateak Radio Euskadin azaldu duenez, egoera "oso zaila" da une honetan, haize bolada bortitzak direla eta.
Kontuan izan behar da EAEko kantauriar isurialde osoa alerta laranjan dagoela baso-sute arriskuarengatik, haize-bolada bortitzen eta lurzoruak duen lehortasunaren ondorioz. Alerta astelehenera arte egongo da indarrean.
Bizkaian beste sute batzuk ere piztu dira, hala nola, Getxon, baina ez dira hain garrantzitsuak izan eta kontrolatu ahal izan dira.
Haizeak bestelako arazoak ere eragin ditu Bizkaian: hainbat hegazkin desbideratu behar izan dira eta zuhaitzak erori dira errepideetan eta kaleetan.