Gizartea
eguraldia
Bederatzi hegaldi desbideratuta Loiun eta hainbat zuhaitz erorita Bizkaian, haize bolada bortitzengatik
itxaso leon kareaga | eitb media
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du igande honetarako, haize bolada zakarrak bitarteko. Goizean zehar, askotariko kalteak eragin ditu fenomenoak.
-
Haize boladen datuak. Argazkia: EITB Media
Igandea haizetsu abiatu da goizaldean Kantauri isurialdean (Bizkaia, Gipuzkoa eta Aialako arabar kuadrilla), eta hala jarraituko du datozen orduetan zehar. Izan ere, alerta laranja aktibatu zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igande arratsaldeko 15:00ak arte, haize bolada bortitzek eragin dezaketen sute arriskua dela eta. Orain, astelehenera arte luzatuko du abisu horia; hego haizearen bizitasuna, tenperatura altuak eta landarediaren lehortasuna bitarteko.
Hala, gaur hego-mendebaldeko haizea indartu egingo da eta asteko egunik haizetsuena izango da. Egunaren lehen zatian haizeak oso gogor joko du eta traba egingo du, arratsalde-gau partean ahulduz joango bada ere.
Bestelakoan, tenperaturan ez da gorabehera handirik izango eta hodeiak ostarteekin tartekatuko dira. Erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira eta oro har ateri eutsiko dio, Piriniotako, Bizkaiko eta Arabako leku batzuetan izan ezik, bertan goizean tantaren bat bota baitezake.
Goizaldeko datuak
Euskalmeten erregistroen arabera, igande goizeko 07:00ak aldera haizea zakartzen hasi da, eta bolada indartsuenak Orduñan (130,9 km/h), Punta Galean (100,91), Gardean (84,7) eta Nanclaresen (81,5) antzeman dituzte.
Beranduago, berriz, 08:00etan, 114 km/h-ko haize boladak izan dira Garbean, 114 km/h-ra iritsi dira Cerrojan, eta 83 km/h-ra, Zorrotzan.
Neurtutako azken boladak, goizeko 09:00etan, 135,5 km/h-raino igo dira Garbean, 122,1 km/h-koak izan dira Cerrojan, 105,8 km/h-koak Oizen, 111,9 km/h-koak Punta Galen eta 85 km/h jo dituzte Mallabian.
Hegaldien desbideratzeak
Haize zakarra bitarteko, zenbait hegaldi desbideratu behar izan dituzte Loiuko aireportuan. Orain arte, hurrengoek aldatu dute norabidea:
- PMI-BIO: Palmatik Bilbora zihoan hegaldia Bartzelonara desbideratu dute.
- MAD-BIO: Madriletik Bilbora ateratako bi hegazkinek Madrilera itzuli behar izan dute.
- LHR-BIO: Londrestik Bilborako hegaldi bat Bartzelonara desbideratu dute.
- AMS-BIO: Amsterdametik Bilborako hegaldi bat Zaragozara desbideratu da.
- LIS-BIO: Lisboatik zetorren hegazkin bat Madrilen lurreratu behar izan dute.
- BRS-BIO: Bristoletik Bilborako hegaldia Bartzelonara eraman dute.
- ACE-BIO: Lanzarotetik ateratako hegaldiak ezin izan du Bilbon lurreratu.
- VGO-BIO: Vigotik Bilborako hegazkina ere desbideratu dute.
Haizeak eragindako kalteak
Goizean zehar, esku hartze ugariren berri eman dute Bizkaiko Suhiltzaileek. Zuhaitzen erorketak, errepide garbiketak, eraikinen egonkortzeak, baso suteak eta eroritako askotariko objektuak izan dira, batik bat, konpondu beharrekoak.
- Zuhaitz bat jausi da Larrañazubin, Getxon.
- Zuhaitz bat jausi da Maruri Dorrean, Zallan.
- Errepide garbiketa egin behar izan dute San Roken, Durangon.
- Iberren (Sopela), eraikin egonkortzea egin behar izan dute, plaka bat finkatzeko.
- Basaurin, zuhaitz bat kotxe baten gainean jausi da.
- Adar batzuk jausteko arriskuan izan dira Leioan.
Leioan egin behar izandako operazioa. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak
- Barakaldon, Asiako liztor habiak jausi dira La Riveran, Ikearen atzealdean eta La Siebe futbol zelaitik gertu.
- Zuhaitz zati bat jausi da Murun, Getxon.
- Fatxada batetik zatiak jausi dira Aita Patxin, Larrabetzun.
- Aldamio bat jausteko arriskuan izan da Barakaldoko Castilla y Leon kalean.
- Baso sutea izan da Pagasarri mendian.
- Antena bat jausi da Gorlizen.
- Fatxada bat jausi da Derioko Uribe eta Ganbe kaleetan.
Derion jausitako fatxadaren irudia. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak
- Eraikin bat egonkortu dute Garaioltzan, Lezaman.
- Zabor pilaketa bat sutan zegoen Galindon, Trapagaranen.
- Eraikin bat egonkortu dute Barakaldoko Gabriel Aresti kalean, hesi ezegonkor batzuengatik.
- Zuhaitz bat jausi da Zornotzako Zelaieta parkean.
Zornotzako Zelaieta parkean jausitako zuhaitz bat. Argazkia: @amorebieta_com
- Zuhaitz bat jausi da Zuatzaurren, Galdakaon.
¿¿KONTUZ HAIZEAREKIN gogor dabil eta ¿¿
— Galdakaoko Udala (@GDKOUdala) October 23, 2022
¿ Goizean eta arratsaldearen lehenengo zatian hego-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, ufada gogorrenekin mendebaldean.- @Euskalmet pic.twitter.com/01wOYWJkuG
- Zuhaitz bat jausi da Bekobentan, Markinan.
- Baso sutea izan da Balmasedan, Peñuecon.
Imágenes humo producido x incendio forestal en #Balmaseda #Bomberos en camino
— Bomberos Bizkaia (@BomberosBizkaia) October 23, 2022
Balmasedako basosutetik ateratzen den kearen irudiak #Suhiltzaileak bidean¿ https://t.co/w477Up7gCv
- Elektrizitate zutoin bat jausi da Moreagan, Getxon.
- Sasi batzuk sua hartu dute Getxon.
- Zaldibarren, zuhaitza bat jausi da kotxe batzuen gainean.
- Baso sute abisua baserri baten ondoan, La Herreran (Zalla).
- Balmasedako sutearen ondorioz, arratsaldeko 17:00ak aldera, Bi-636 errepidea itxita geratu da bi noranzkoetan; Zalla parean, 24 eta 30 puntu kilometrikoen artean. Desbideratzeak behar bezala seinalizatu dituzte.
-Leiho bat jausteko arriskuan Getxoko Kale Nagusian.
Araban ere, haize-bolada gogorrek zuhaitzak bota dituzte Gasteizen, eta adar ugari erori dira, hainbat edukiontzi mugitzeaz gain. Udalak hiriko zenbait parke itxi ditu.
Pertsona bat zauritu da Barakaldon
Gizon bat zauritu da igande honetan Barakaldoko Anaitasuna kalean, haizeak jaurtitako edukiontzi batek kolpatuta, haize-bolada bortitzen ondorioz. Gurutzetako Ospitalera eraman dute.
Udaleko Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotzigoak herritarrei eskatu die bide publikotik ibili behar badute zuhaitz-eremuak saihesteko eta arreta berezia izateko eraikinetako objektuak erorita.
Gertat eta ordu eta erdira, zirkulazioa zabaldu dute berriro, "Babes Zibileko boluntarioen eta Usoa tailerreko lorezaintza-zerbitzuko langileen lanari eta laguntzari esker, azkar esku hartu baitute", Angel Madrazo Barakaldoko Herritarren Segurtasunerako eta Babes Zibilerako zinegotziak adierazi duenez.
Halaber, Barakaldoko Babes Zibileko Zerbitzuak eta Usoa tailerrak zuhaitz handi bat kendu behar izan dute Munoa Finkaren atzeko aldetik.
Munoa Finkaren parean jausitako zuhaitza, Barakaldon. Argazkia: Barakaldoko Babes Zibila
Balmasedako Putxerak, bertan behera
Balmasedan piztutako baso suteak eragindako kea herriaren erdiguneraino iritsi da, Putxeren jaia ospatzeko asmoa zen gunera, eta bertan behera utzi behar izan dute.
Suhiltzaileak lanean ari dira une honetan.
El humo del incendio #Balmaseda llega hasta municipios de la costa, impulsado x fuerte viento #Haizea
— Bomberos Bizkaia (@BomberosBizkaia) October 23, 2022
Recomendamos cerrar ventanas#Bomberos trabajando
Balmasedako #sutea _ren kea kosta aldetik heldu da
Lehioak ixtea komenigarria da#Suhiltzaileak lanean@112_SOSDeiak @Euskalmet https://t.co/Z97eJSWPrn