Gizartea
EITB DATA
Gero eta ibilgailu zahar gehiago dago gure errepideetan
I. R. | EITB MEDIA
Motorizazio-indizeak gora egin du Espainiako Estatuan, eta gero eta bigarren eskuko auto gehiago saltzen dira, ibilgailuen parkea zahartuago utziz urterik urtera.
-
Euskadi eta Nafarroako ibilgailuen batez besteko adina 13 urte ingurukoa da. Argazkia: EITB MEDIA
Biztanleriak garraio pribatuan egiten ditu joan-etorriak, eta, beraz, autoen eskaria handia da oraindik Espainiako Estatu osoan. Horrela, EITB Dataren arabera, 2016an Estatuko motorizazio-indizea 1.000 biztanleko 502 autokoa bazen, 2021ean, 526 ibilgailukoa izan zen. Euskadik Estatuko bigarren motorizazio-indizerik txikiena du, 467 ibilgailurekin; Nafarroak, berriz, 517 ditu, batez besteko indizetik gertu.
Igoera hori orokorra da Europar Batasun osoan, Suedian izan ezik, horrek apur bat murriztu baitu autoen kopurua errepideetan. Hala ere, Espainiako Estatua, Greziarekin eta Portugalekin batera, parke mugikor zaharra izateagatik nabarmentzen da, batez beste 13,6 urteko adina duten autoak nagusi baitira tokiko errepideetan.
EITB Data
Ildo beretik, Euskadiko autoak 13 urtetik beherakoak dira (12,7), eta Nafarroakoak estatuko batez bestekotik hurbil daude (13,1).
Baina, zergatik igo da ibilgailuen adina? Auto berrien salmenta ia erdira jaitsi da azken lau urteetan, eta bigarren eskukoen salmenta, berriz, ia mantendu da, mota horretako autoen prezio erakargarrien ondorioz: 2021ean, bigarren eskuko ibilgailu baten batez besteko prezioa 13.000 euro ingurukoa zen, eta ibilgailu berri batena, 22.000 euro ingurukoa.
Beste era batera esanda: 2021ean, auto berri bakoitzeko, 3 erabili saldu ziren Euskadin, eta 4,3, Nafarroan.
EITB Media