Itxi

Gizartea

BAHIKETA

Emakumea beste haurtxo batzuk bahitzen saiatu zen, baina ez zuen lortu

A. S. | EITB MEDIA

Erizain plantak eginez, erietxean zehar ibili zen eta hainbat logelatan sartu zen. Hori dela eta, Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak uste du ez zela zehazki bahitutako haurtxoaren bila joan.

  • Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

    Josu Erkoreka Jaurlaritzako Segurtasun sailburua

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azaldu duenez, atzo gauean Basurtuko Ospitalean haurra bahitu zuen emakumea beste haur batzuk ere bahitzen saiatu zen, jaioberria eraman aurretik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak zehaztu duenez, oraindik ez dakite zein izan den bahiketaren arrazoia, eta herritarren laguntza eskertu du, "oparoa eta lagungarria" izan delako.

Egilea 21:00ak aldera sartu zen ospitalera eta, osasun langileen plantan jantzita, ginekologiako unitateko haurtxo bat bahitu, eta handik ihes egin zuen. Aurretik, baina, Erkorekak zehaztu duenez, beste jaioberri batzuk bahitzen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu. Hori dela eta uste du ez zela zehazki bahitutako haurtxoaren bila joan.

Jaioberria gaur goizean aurkitu dute Bilboko Santutxu auzoko etxebizitza batean, onik eta salbu, eta dagoeneko, Basurtuko Ospitalean dago gurasoekin batera. Sailburuak adierazi duenez, etxe horretan bizi den emakumeak eman du aurkikuntzaren berri. Bahitzaileak, antza, txirrina jo du eta ihes egin du.

Alicia Lopez da bere izena, eta hunkituta kontatu du gaur goizean bere etxean bizi izan dutena.

Zuhaitz Barriuso bahitutako haurra etxeko atean aurkitu duen emakumearen semea da. Emakumeak bertan utzi du jaioberria, tinbrea jo, eta ihes egin du. Haurra aurkitu bezain laster korrika atera dela esan du bahitzailea identifikatzeko asmoz, baina ez omen du ezer ikusterik lortu.