Gizartea
NAFARROAKO IKASTOLEN JAIA
Nafarren hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen legedia aldarrikatu dute Nafarroa Oinezen
EITB MEDIA
Jendetza batu da Tafallan, Nafarroako ikastolen aldeko jaian. Eguraldia lagun, giro paregabean ari dira ospatzen eguna, eta ohi bezala, festa eta aldarrikapena uztartu dituzte.
Nafarroa Oinez, Nafarroako Ikastolen jaia ospatzen ari dira gaur Tafallan, "Erdian erein" lelopean. Garces de los Fayos ikastolak familia osoarentzat pentsatutako egitaraua prestatu du astebururako. Izan ere, aurten, berritasun gisa, jaia larunbatera ere zabaldu da.
Ia bi kilometroko ibilbidea atondu dute, lau gunetan banatuta: Sustrai, Hazi, Zuhaitz eta Kimu. Ibilbidea (Kimu izan ezik) mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta dago.
Jaiaren irekiera ekitaldi gaur goizean izan da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikinean, baina jarduerak atzo hasi ziren.
Gaurko ekitaldian izan dira Paula Arregi eta Aritz Azcarate ikastolako zuzendaria eta presidentea, eta horiekin batera Elena Zabaleta Nafarroako Ikastolen Federazioko lehendakaria, Jesus Arrizubieta Tafallako alkatea eta Unai Hualde Nafarroako Gobernuko presidenteordea, besteak beste.
Adriana Salvo ikastolako ikasle ohi eta aktoreak, Eva Mediaville zeinu hizkuntzako interpretearekin batera, aurkeztu dute hunkigarria izan den ekitaldia.
Aritz Azcaratel esan du jaia antolatzeko lana "gogorra" izan dela azken urtean, baina "dibertigarria" ere izan dela, eta horrek "ilusioa berritzea" eragin duela. Gogorarazi duenez, "nekazarien lurra da, eta badakigu uzta jaso eta gero berriro erein beharra dagoela. Horrela jarraituko dugu, erdian ereiten, gaurko leloari erreferentzia eginez, Erdian Erein, gure seme-alabek ametsak euskaraz bete ditzaten". Ildo horretan, ikastolen izaeraren ezaugarri diren "kooperatibismoa, autogestioa, partehartzea, elkartasuna eta auzolana" azpimarratu ditu, eta "gure hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren alde borroka" egiten jarraitzen duten euskaltzaleen lana goraipatu du.
Jose Maria Aierdi Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen kontseilari eta presidenteorde bigarrenak zoriondu egin ditu ikastolak Nafarroa Oinez jaia "bizirik" edukitzeagatik eta euskaltzale guztiek maite duten hitzordu bihurtzeagatik.
Gaurko egunaren amaieran, Garces de los Fayos ikastolak Nafarroako Ikastolen Federazioaren esku utziko du Nafarroa Oinezen lekukoa, eta horrek Gotzon Perez eta Iñigo Orellari emango die, Etxarriko Andra Mari Ikastolaren arduradunei, hain zuzen ere, 2023ko Nafarroa Oinez bertan ospatuko baita.
Euskal Herritik iritsitako familia andana ari da gaurko egunaz gozatzen, adin guztientzako ekitaldiekin, eta arratsaldean kontzertuen txanda izango da.
Garces de los Fayos ikastola
Nafarroa Oinez Tafallan ospatzen den laugarren aldia da aurtengoa. Lehena, 1986an egin zen, eta ondoren, 1997an eta 2011n.
Gaur egun, 223 familiak, 35 langilek eta 318 ikaslek osatzen dute Garces de los Fayos ikastola eta Tafallako ikasleak ez ezik, inguruko herrietakoak ere hartzen ditu.