Itxi

Gizartea

HEZKUNTZA

Hezkuntza Legeak "euskarazko eredu orokortu eta inklusiboa" jaso dezala eskatu dute Hezkuntzako eragileek

O. A. | EITB MEDIA

Hezkuntza Lege berriaren zirriborroari egin dizkioten proposamenak aurkeztu dituzte Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, HEIZEk, Hik Hasik, ELAk, LABek eta STEILASek.

1:18
Gaurko agerraldia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritzak prestatu duen Hezkuntza Legearen zirriborroaren harira, Kontseiluak eta Hezkuntza komunitateko zazpi eragilek beren ekarpenak aurkeztu dituzte gaur goizean. Besteak beste, legeak "euskarazko eredu orokortu eta inklusibo" berri bat jaso beharko lukeela uste dute, "berdintasunaren eta kohesioaren bidean" ikasle guztiak euskaldunak eta eleaniztunak izan daitezen.

Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, HEIZEk, Hik Hasik, ELAk, LABek eta STEILASek bat egin eta proposamen "integrala" egin diote Hezkuntza Lege berriaren zirriborroari.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak aurkeztu du proposamenaren edukia. Hezkuntza komunitateko eragileen arabera, legearen aurreproiektuak ez du argi zehazten zein izango den etorkizuneko hezkuntza eredua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Sinatzaileek ezinbestekotzat jotzen dute hezkuntza eredu bakarra izatea, euskarazkoa, orokorra eta inklusiboa izango dena. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azpimarratu du ikaskuntza prozesua ikastetxearen eta ikaslearen errealitatera egokitu beharko litzatekeela: "Euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea. Ezin onar daiteke euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea, bazterketa soziala bultzatzea".

Halaber, Hezkuntzako eragileak ados daude ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzen dutenerako B2 maila eduki behar izatearekin, gutxienez. Irakasleen kasuan, ostera, gutxienez C1 maila izan dezaten eskatzen dute.

Gaur aurkeztutako proposamen bateratua 29 artikulutan egituratu dute. Esaterako, irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide-heziketa, eta kirol- eta arte-ikaskuntzak. Horrez gain, ikastetxeak euskararen arnasgune bihurtzea eskatzen dute, "ikasleak euskaraz normaltasunez bizi daitezen".

Eusko Jaurlaritzak irailean aurkeztu zuen Hezkuntza Legearen zirriborroa, eta datozen egunetan amaituko da ekarpenak egiteko epea. Ondoren, Eusko Legebiltzarrari igorriko diote testua.

Hurrengo urratsak

Gaur bat eginda agertu diren eragileek proposamena erregistratuko dute Eusko Jaurlaritzak zabaldutako prozesuan. Gero, alderdiei helaraziko diete, horrela nahi izanez gero ekarpenak egin ditzaten. "Abenduan ikusi beharko dugu zer-nola jasotzen den zirriborroan, eta horren arabera, etorkizuneko estrategia definituko dugu", azpimarratu dute.