Itxi

Gizartea

Gipuzkoa

Mutrikuko Portu Zaharreko dikearen obrei berrekingo diete, Danborzaleak plataformaren gaitzespenarekin

Eder Carrero | EITB MEDIA

Badira ia bi hamarkada Mutrikuko portua eraldatzen hasi zirela; 2010ean, ordea, diru arazoak zirela medio, portuko obra bukatzeke utzi zuten. Orain Danborra inguruan dikearen luzapenari berrekingo diotela jakinari du Eusko Jaurlaritzak.

  • Mutrikuko portuaren irudia. Argazkia: Luis Dadebat

    Mutrikuko portuaren irudia. Argazkia: Luis Dadebat

Mutrikuko Portu Zaharreko dikearen obrei berrekingo diete, Danborzaleak plataformak herri galdeketa burutzeko mozioari udalbatzak ostegunean uko egin ondoren. 2001ean martxan jarritako proiektua geldirik izan da hamabost urte luzez. Orain, berriz, Jaurlaritzak dio egonkortze lanak bukatu behar direla. 

Herri plataformak udalean aurkeztutako mozioak ez du beharrezkoa zuen babesa lortu. Mozioa 1.200 pertsonen sinaduraren babesarekin aurkeztu zen, eta Berdeak + Independienteak (B+I) alderdiko ordezkariaren babesa baino ez zuen izan.

Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak Danborra inguruan dikearen luzapenari berrekingo dio. Udalak eskumenik ez du eta aztertzen ari da zein den haren tokia. Rafa Perez Natur Taldeko lehendakaria eta Danborzaleak plataformako kidearen esanetan, Mutrikun udal ordenantza bat dute erreferendumak kudeatzeko, eta horren ondorioz, "oraindik derrigortu dezakegu Udala erreferendum hori antolatzera".

Rafa Perezek dio Udalak ez duela bete Portu Legearen baitan aldaketak erabakitzeko herri kontseiluaren partehartzea, eta salatu du prozesuan gardentasunik ez dela izan.

Jaurlaritzak, berriz, adierazi du portura sarbide berriek babes-baldintzak bermatuko dituela, klima aldaketa eta itsasaldi igoeraren ondorioz egin beharrekoak, alegia.

Danborzaleak plataformak mutrikuarren hitza entzutea eskatzen du, eta ingurumenaren gainean kezka handia dute. Horien susmoa da egungo obrekin Jaurlaritzaren etorkizuneko planak ahalbidetuko direla.