Itxi

Gizartea

Indarkeria matxista

Soraluzek Benidormeko hilketa matxista gaitzetsi du

Agentziak | EITB Media

Protestan parte hartu dutenak, tartean herritar ugari, minutu batzuk egon dira pankarta baten atzean, "Emakumeen aurkako indarkeriari ez" lelopean.

  • Elkarretaratzea Soraluzen (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

    Elkarretaratzea Soraluzen (Gipuzkoa). Argazkia: EFE

Soraluzeko (Gipuzkoa) Udalak deituta, elkarretaratze batek gizon batek Benidormen (Alacant) 67 urteko emaztea hil izana gaitzetsi du.

Elgoibarko Udalak (Gipuzkoa) bat egin du protestarekin, biktima ere bertan bizi izan baitzen, eta beste erakunde batzuk ere bertan izan dira, baita Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburua Beatriz Artolazabal ere.

Soraluzen jaiotako biktima Elgoibarren eta Zarautzen bizi izan zen denboraldi batez, eta, ondoren, Benidormen finkatu zen. Joan den igandean, ustez, bikotekideak hil zuen, eta, ondoren, autoa garabi baten kontra jota hil zen.

Soraluzeko protestan parte hartu dutenak, tartean herritar ugari, minutu batzuk egon dira pankarta baten atzean, "Emakumeen aurkako indarkeriari ez" lelopean.

Antzeko elkarretaratzea egin zuten astearte arratsaldean Elgoibarren, eta ehunka herritar eta ordezkaritza instituzional zabal bat bildu ziren, tartean Ana Beitia alkatea, Artolazabal, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.