Gizartea
ESPAZIOA
Arrakastaz lortu du NASAk DART espazio ontzia asteroide baten kontra jaurtitzea, horren orbita desbideratzeko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zientzialariek egunak edo asteak beharko dituzte operazio historiko honek bere helburua bete duen jakiteko. Asteroidearen orbita mugitzea zen xedea, etorkizunean Lurra mehatxupean jar dezaketen objektuetatik babesteko teknika gisa.
Arrakastaz lortu du NASA agentziak DART espazio zunda asteroide baten kontra jaurtitzea, horren orbita desbideratzeko. Operazioaren helburua etorkizunean Lurra mehatxupean jar dezaketen objektuak halako talka batekin desbideratzeko gai diren jakitea da.
Atzo, Estatu Batuetako ekialdean 19:14 zirenean (01:14 Euskal Herrian) izan zen jaurtiketa. Segundoko 6,6 kilometroko abiaduran jaurti dute Dart (dardoa ingelesez) espazio ontzia Dimorphos asteroidearen aurka, Lurretik 11 milioi kilometrora.
Bide urratzaile izan nahi du misioak, karga leherkorrik gabeko eragile zinetikoaren metodoa probatuz. Alegia, kamikaze erako zunda bat erabili da asteroide baten aurka jo eta haren orbita apur bat aldatzen saiatzeko.
NASAk zuzenean eman du operazioa, eta probaren aurreneko fasea "arrakastatsua" izan dela esan dute arduradunek. Orain, zientzialariek egunak edo asteak beharko dituzte, proba historiko honek bere helburua bete duen jakiteko.
Asteroide baten orbita desbideratzen ahalegintzen diren lehen aldia da. Orain 66 milioi urte antzeko objektuen ondorioz desagertu ziren hainbat espezie —dinosauroak, besteak beste—, eta halakorik berriro ez gertatzeko, Lurra babestu nahi da.
IMPACT SUCCESS! Watch from #DARTMIssion’s DRACO Camera, as the vending machine-sized spacecraft successfully collides with asteroid Dimorphos, which is the size of a football stadium and poses no threat to Earth. pic.twitter.com/7bXipPkjWD
— NASA (@NASA) September 26, 2022
Jaurtiketaren ondoren, Lori Glaze NASAko Zientzia Planetarioen Dibisioko zuzendariak esan du munduak gaur "kapitulu berri bat" zabaldu duela. Bere hitzetan, gaurtik, asteroide baten talkak eragin ditzakeen ondorio kaltegarriak ekiditeko gai izango da gizateria. "Sinestezina da. Inoiz ez dugu halako gaitasunik izan", esan du.
Bere aldetik, Bill Nelson NASAko administratzaileak ere txalotu egin du operazioa, "aurrekaririk gabekoa" izan dela esanez. "Gizateria osoarentzat benetako onura duen misioa da", esan du.