Itxi

Gizartea

Sutea Nafarroan

Ezkaba mendian piztutako sute batek trafikoa ixtera behartu du Iruñeko ingurabidean

Agentziak | EITB Media

Sugarrek eta keak Iruñeko auzoetako zein Iruñerriko bizilagunen artean kezka sortu dute. Antsoainen eta Txantrea auzoan, argindarrik gabe geratu dira denbora tarte labur batean, baina gutxi geroago hornidura berreskuratu dute.

01:06
Sutea Ezkaba mendian (Nafarroa). Irudia: EITB Media

Larrialdi zerbitzuak eta aireko baliabideak lanean ari dira, arratsaldean, Ezkaba menduan piztutako sutea itzaltzeko. Sua mendi magaletik hedatu da, eta Iruñeko ingurabidean eta N-121-A errepidetik Ezkabako tunelen sarbidea trafikoa ixtera behartu du.

Iruñeko ingurabidearen kasuan (PA-30), Atarrabiako bidegurutzetik Artikara zirkulazioa eten behar izan dute. Ondorioz, auto-ilarak sortu dira.

Sugarrek eta keak Iruñeko auzoetako zein Iruñerriko bizilagunen artean kezka sortu dute; izan ere, zenbait leherketa entzun dituzte. Antsoainen eta Txantrea auzoan, argindarrik gabe geratu dira denbora tarte labur batean, baina gutxi geroago hornidura berreskuratu dute.

Eskualdeko autobusen aparkalekutik gertu dago sutea, eta zelaia hustu behar izan dute. Hala ere, sua ez da bertara iritsi.

Ateak eta leihoak itxi

Babes Zibilak sutetik gertu dauden etxebizitzetako ateak eta leihoak ixteko gomendioa eman du. Era berean, eremura ez hurbiltzeko eskatu die herritarrei, sua itzaltzeko lanak ez oztopatzeko.

Espainiako eta Nafarroako gobernuetako lau hegazkin eta sei helikoptero bertaratu dira, SOS Navarrak Twitterren jakitera eman duenez. Hala ere, iluntzean alde egin behar izan dute.

Konkretuki, Foru Gobernuak Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioari laguntza eskatu ondoren, Noaingo eta Agoncilloko hiru hegazkin bidali dituzte, Nafarroako Gobernuko bi helikoptero, eta Baso-suteen Brigadetako (BRIF) beste lau Ejeatik eta Lubiatik.

Txantreako igerilekuak sutetik gertu daudenez, helikopteroek ura hartzeko erabili dituzte.

Era berean, suhiltzaileak, helikopteroz garraiatutako bi brigada, Foruzaingoa, Guardia Zibila eta basozainak sua itzaltzeko lanean ari dira.