Itxi

Gizartea

Epaiketa

Gipuzkoako serie bortxatzaileak jokaera doitu zuen: "Biktima batek ez zekien zer gertatu zen"

EITB MEDIA

Epaiketako bigarren saioan, gizonaren atxiloketa ahalbidetu zuen ikerketan izandako hainbat ertzainek deklaratu dute. Ikerketa hainbat urtez luzatu zen.

01:20
Epaiketa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gipuzkoako serie bortxatzaileak, hainbat ertzainen arabera, biktimei erasotzeko jokaera doitu zuen, gizon horren aurkako epaiketako bigarren saioan, asteartean, deklaratu dutenez. Saioan, gizonaren atxiloketa ahalbidetu zuen ikerketan izandako hainbat ertzainek deklaratu dute. Gizonak zigorra du ezarrita Beasainen eta Lasarte-Orian egindako bi bortxaketagatik, eta orain berriro ari dira epaitzen, Tolosan, Andoainen eta Anoetan egindako bortxaketa batengatik eta bi sexu erasoren ahaleginengatik.

"Gure iritziz, serieko sexu erasotzailea da, eta teknika hobetu zuen, denborak aurrera jo ahala". Hala, biktima batek, hasieran, zalantzak ere izan zituen, gizonak haren aurkako bortxaketa gauzatu zuen ala ez adierazteko. Erasotzaileak piper-gasa erabiltzen zuen hasieran, lehen erasoetan, baina azkenean, kloroformoa erabili zuen.

Ikertzaileek zehaztu dutenez, 2012tik zekiten antzeko egoerak izan zirela, alegia, piper-gasa erabilita egindako erasoak; modu hori ezohikoa omen da, eta horregatik hasi ziren susmatzen egilea bakarra zela, pertsona bera. 2013an, Ertzaintzak beste kasu batzuetan antzeman zuen biktimek esaten zutela erasotzaileak usain gogorra zuen zapi bat baliatu zuela.

Bi urteren buruan, 2015ean, antzeko kasua izan zen Lasarte-Orian, eta 2019an berdin egindako beste sexu erasoa izan zen. Hori bai, azken hori ez zuten kalean egin, Beasaingo etxe batean baizik.

Kasu horrek, azkenean, auzipetua atxilotzea ahalbidetu zuen, bai eta gainerako erasoekin lotzea ere, gizonaren profil genetikoaren bidez. Ertzaintzak etxe horretako edredoian topatu zuen, eta auzipetuak jatetxe batean erabilitako koilara batean topatuarekin alderatu zuen. Profil genetikoa bera zela baieztatu zuten.

Horrez gain, gizonaren ordenagailuan, Ertzaintzak antzeman zuen auzipetuak kloroformoaren erabileraren gaineko bilaketak zituela eginak. Hortaz, egiaztatu zuen erasotzeko moduan bilakaera izan zuela; hasiera batean, biktimaren bat kolpatu zuen, gerora piper-gasa erabiltzen hasi zen, eta, azkenean, kloroformoa.

Ikertzaileek ondorioztatu zuten erasotzaileak "gune bakartiak" bilatzen zituela beti, erdigunetik urrunekoak, eta bakarrik zihoan neska baten bila egoten zen bertan, beti gauez, asteburuan edo jaiegunen batean.

"Gure ustez, oso ondo ezagutzen zituen erasoak egiten zituen lekuak", esan du ertzain batek. Biktimak ikusteko onak omen ziren toki horiek, argiztapen artifizialik gabekoak, eta, gainera, lotura ona zuten N-1 errepidearekin, behar bezala ihes egiteko.

Min "gero eta handiagoa"

Beste ertzain batek esan duenez, denborak aurrera egin ahala doitu zuen jokaera hori, "zoritxarrez, min gero eta handiagoa eginez. Nesken erresistentzia txikitzea zuen helburu, gure iritziz, baina beste arlo batzuetan ere hobera egin zuen, eta utzi zion biktimekin hitz egiteari; hala saihestu ahal izan zuen identifikatzea".

Epaiketako bigarren egun honetako testigantzarik latzena Anoetan 2013an erasoa jasan zuen emakumearen aitak eman du; biktimak 2019ra arte ez zuen ziur izan bortxaketa pairatu zuela: "Alabak izandako unerik txarrena izan zen; orduan esan zioten, xehetasun guztiekin, zer gertatu zen", deitoratu du biktimaren aitak: "Hori bizitzea, alabarentzat, buruan adreilu bat erabiliz kolpatu izan balute bezalakoa izan zen".

Aurreikuspena da epaiketa asteazkenean amaitzea. Egun horretan, peritu batzuek deklaratuko dute, eta azken ondorioak eta aldeen txostenak aurkeztuko dituzte.