Itxi

Gizartea

bideo-jokoak

Esku-pilota PlayStationera helduko da 'Frontball Planet' euskal bideojokoarekin

itxaso leon kareaga | eitb media

Jon Cortazar Bilboko Relevo estudioko zuzendari eta diseinatzailearekin hitz egin dugu. Aurki, pilota-jokoa gozagai izango dugu munduko agertoki ugaritan, etxeko sofatik mugitu beharrik gabe.

0:44
Frontball Planet.

Mundu birtualera jauzi egingo du pilotak aurki, Frontball Planet: entra en juego bideo-jokoari esker. Bilboko Relevo estudioaren eskutik datorkigu, PlayStation Talents ekimenak babesturik.

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren (FIPV) eta Espainiako Pilota Federazioaren (FEPelota) oniritziarekin, 2008an sortutako frontball kirol-diziplinaren inguruan ardaztutako lehen jokoa izango da. Duela gutxi agertu den modalitate hori pilota-kirolaren beste espezialitate bat da; mundu osoan praktikatzen diren esku-pilota joko desberdinen elkargunea, eta tradizioaren hesiak hautsi ditu.

Frontball Planet jokoak tokiko multijokalari esperientzia eskainiko du, zazpi hiritako kaleetan: Bilbo, Dubai, Madril, Miami, New York eta Tokio. Era berean, bi agertoki berezi ere izango ditu: entrenamendurako barne-kantxa bat eta estazio espazial bat.

Bideo-joko honetan, jokalariek hiru pertsonaiaren artean hautatu ahal izango dute askotariko lehiakideei aurre egiteko. Jokoaren offline dendan elementu berriak desblokeatzeko puntuak irabaziko dituzte, aurrera egin ahala.

Jon Cortazar Relevo estudioko zuzendari eta diseinatzailearekin hitz egin dugu. Mundu mailako bideo-jokoen esparruan industria barneratzaileago bat bilatzen duten 100 profesionalen artean kokatu zuen duela bi urte Games Industry hedabideak, PS4rako eskuragarri dagoen Treasure Rangers jokoa garatu ostean.

"PlayStation Talents programaren parte da Relevo, Aliantzen adarrean, 2015ean ekimena sortu zen unetik bertatik; guk lehenagotik ere lan egiten genuen PlayStation-ekin", azaldu du Cortazarrek.

Izan ere, aliantza horri esker, 2013an PlayStation-en garatzaile eta argitaratzaile izendatutako lehen euskal estudioa bilakatu zen, eta 2015ean lehen euskal enpresa izan zen kontsoletan bideo-joko bat argitaratzen. Batera lanean emandako hamar urteko ibilbide horrek konfiantza harremana sortu du Relevo eta PlayStation artean. "Poz-pozik gaude, eta oso harro honen parte izateaz".

Jon Cortazar garatzailea. Argazkia: EITB Media

Jon Cortazar garatzailea. Argazkia: EITB Media

Jokoaren nondik norakoak

2023ko lehen laurdenean merkaturatzeko prestatzen ari da Frontball Planet, eta jokalarientzako eskuragarri izango da orduan PS5, PS4 eta PC plataformetan.

Hala, prezio apalean eskuratu ahal izango da jokoa, argitalpen plataforma desberdinetan. Egun ez dago PlayStation Plus zerbitzuan barneratzeko asmorik, "baina izan dugu Relevoren produkturik harpidetza-eredu horretan, eta agian ideia ona izan liteke etorkizunera begira".

Bestalde, bideo-jokoak ez du inolako mikro-ordainketarik eskatuko. Salmenta prezioaren trukean erosi ondoren, eduki guztiak desblokeatu ahal izango ditugu, jokoaren maila desberdinetan zehar aurrera eginez.

Jon Cortazar: "Poz-pozik gaude nazioarteko proiekzioa izango duen produktu batean gure hiria ordezkatu ahal izateaz"

Garatzaileak kontatu digunez, frontballa "joko diziplina dibertigarria da, lagunartean aritzekoa, eta kontaktu handikoa". Hori dela eta, bideo-jokoan ere lagunarteko eskuz eskuko partidak sustatu nahi izan dituzte, kontsola berdinetik aritzeko, eta "sofan elkarrekin jolasteko eredu dibertigarriak" lehenetsi nahi izan dituzte, online jokatzeko aukeraren aurretik. Hala, pertsona bakarrak, bik zein zortzi jokalari arteko taldeek izango dute jokoa gozagai.

Cortazarrek ez du alde batera utzi etorkizunean eguneraketak egiteko aukera, "jokatzeko kantxa desberdinak zein jokalari berriak sartuta". Edonola ere, nabarmendu duenez, "momentuz jokoaren sorreran daukagu jarrita arreta eta, arrakastaren eta eskariaren arabera, jokoa prest egongo litzateke eduki berri eta dibertigarriak sortzeko".

Bideojokoaren portadaren zirriborroa. Argazkia: EITB Media

Bideo-jokoaren portadaren zirriborroa. Argazkia: EITB Media

Tokikotasunetik nazioartera jauzi egiteko aukeraren eta jokoaren merkaturatzeak suposatzen duen ikusgarritasun globalaren aurrean, garatzaileak adierazi du "poz-pozik" daudela "nazioarteko proiekzioa izango duen produktu batean gure hiria ordezkatu ahal izateaz".

"Jokalariek hiri desberdinekin gozatzea espero dugu", gaineratu du Cortazarrek, "eta gero, animatzen badira, etor daitezela benetako Bilbo ezagutzera!".