Itxi

Gizartea

MAHATS-BILKETAREN JAIA

Kezka da nagusi Arabako Errioxako ardo-ekoizleen artean, esportazioen beherakadaren ostean

EITB MEDIA

Mahats-bilketaren Jaia ospatzen ari da Lantziego igande honetan. Aurten, ohi baino goizago hasi dira mahatsa biltzen, kezka berri batekin gainera; inflazioa. "Arabako Mahastiak" izendapenaren onarpena mahai gainean egongo da egunean zehar.

02:46

Mahats-bilketaren Jaia ospatzen ari dira milaka arabar Lantziegon igande honetan, pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean. Jai giroa izan da nagusi, kezka kutsu batekin; izan ere, esportazioek behera egin dute urteko lehen seihilabetean eta lehorteak uztari eragin diezaioke.

Aurtengo ardoaren jaia ezberdina da, lehorteak uzta baldintzatu duelako. Gorka Mauleon El Mozo Wines upategiko arduradunak krisi klimatikoarekin lotutako gogoeta egin du Euskadi Irratiko Landaberri saioan. "Aldaketa klimatikoaren ondorioak sufritzen hasiak gara. Argi ikusten da. Kasu honetan, mahats gutxiago biltzeaz gain, azidotasun mailak behera egin du. Esan daiteke kalitateari ere eragin diola. Ardogileon arazo nagusiak izango dira datozen urteetan", adierazi du.

Ordezkaritza politiko esanguratsua gerturatu da ekitaldira, Iñigo Urkullu lehendakaria tartean. "Arabako Mahastiak" deritzon ekimenak eta Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak horri buruz hartutako azken erabakiak izan dituzte ardatz horien adierazpenek.

% 15 jaitsi da Arabako Errioxako ardoaren esportazioa 2021eko aldi berdinaren aldean

Errioxako zigilu ezagunetik atera nahi dute Arabako hainbat upategik, eta horietako hamabost, gehientsuenak upategi koxkorrak, antolatu egin dira "Arabako Mahastiak" marka propioaren baitan. Izendapena atera egin nahi dute, funtsean, bizirautea helburu izanda. Europara, Bruselara, eraman dute eskaera, eta espero dute berandu baino lehen Jaurlaritzak berak ere behin-behineko baimena ematea izendapen berria erabiltzeko.

Aurten, ohi baino goizago hasi dira mahatsa biltzen, kezka berri batekin gainera; inflazioa. Prezioen igoera tarteko, esportazioak murriztu egin dira eta kezka hedatu da ekoizleen artean.

Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan azaldu duenez, % 15eko beherakada izan dute esportazioek azken seihilekoan, iazko datuekin alderatuta.

Bestalde, ekoizpen kostua igo egin da eta, hortaz, 15,4 milioi litro esportatu badira eta prezioak % 17 igo badira ere, esportazioen prezioa bere horretan mantendu da. Hala, Orozek nabarmendu du ez dela "datu ona sektorearentzat", ez baitu konpentsatzen fakturazioa mantentzeak ekoizpen kostuen garestitzearen aurrean, eta "galerak sortzen ditu".

Era berean, azpimarratu du merkatuak berak ere aldaketak bizi izan dituela: orain arte esportazio gehienak Erresuma Batura edo Suitzara egiten baziren, egun, AEB, Kanada edo Mexiko bilakatu dira erosle nagusi.

Lantziegoko jaiaren irudia. Argazkia: EFE

Lantziegoko jaiaren irudia. Argazkia: EFE

"Arabako Mahastien" inguruko polemika

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak salatu duenez, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren estatutuen moldaketa "lehia askearen aurka doa". Gainera, "ardura" eskatu die upategiei, baita mahatsaren trukean "bidezko" prezioa ordaintzeko ere.

Gonzalezek gogorarazi du "Arabako Errioxako Deitura eredu baterantz" iristeko pausoak ematen ari direla azken urteotan, eta "etorkizunerako aukerarik onena" dela.

Ildo beretik, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak uste du Arabako Errioxako ardoek berariazko ezaugarriak dituztela, baina Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren "aterkipeko" desberdintzapena eskatu du.

Kontseilu Arautzaileak bere mahastien esklusibotasuna blindatzeko hartutako erabakiari buruz, Anduezak adierazi du espero duela egin beharreko aldaketak "legezkotasunaren barruan" izatea, eta "batasuna" eskatu du, Errioxa deitura sustatzeko.

Eneko Andueza, Mahats-bilketaren Jaian. Argazkia: EFE

Eneko Andueza, Mahats-bilketaren Jaian. Argazkia: EFE

Bestalde, sektorea "argitasunez, mezu garbiekin eta erabaki ausartekin" bultzatzeko eta defendatzeko deia egin du EH Bilduk. "Premisa horietan oinarritutabakarrik berma daiteke Arabako Errioxan bizi eta lan egiten dutenentzako etorkizun duina", nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkide eta Arabako ahaldun nagusia izateko hautagaiak. 

Hori dela eta, Errioxa Jatorrizko Izendapenaren Kontseilu Arautzaileari zuzendu zaio, ez dituelako "upategi txiki eta ertainak babesten, ezta defendatzen ere"; aitzitik, zalantzazko legezkotasuna duten neurriak hartuz mehatxu egitea leporatu dio. Zentzu horretan, produktuak ekoizteko eta saltzeko alternatibak bilatzen dituztenak diskriminatuz, upeltegiak ez ezik, eskualdea ere arriskuan jartzen duela ziurtatu du.

Gainera, Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak salatu egin du "EAJk ardoaren sektorea urratzeko, jarkitzeko eta banatzeko daukan obsesioa", eta alderdi horri egotzi dio Errioxa eta Arabako Errioxa deituren irudia kaltetu izana, "sektorea politizatzen" saiatzean.

Arabako PPko burua "kalitatearen bidetik ardoen desberdintzapenean" aurreratzearen alde agertu da, ardogileen eta upategietako langileen "akordioa eta adostasuna" onarri hartuta. Haren aburuz, "ez EAJk ez Arabako aldundiak" ez dute hori egiten.