Gizartea
Migrazioa
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak migratzaileentzako eskubideak aldarrikatu ditu Getxon
I. R. | EITB MEDIA
Urteroko performanceaz gain, mugetan jazotzen diren heriotzak salatzeko eta euren aldarrikapenak Europako Parlamentura eramateko urriaren 1ean Bruselara egingo duten martxaren berri eman dute plataformakoek.
-
Dozenaka lagunek parte hartu dute Getxoko ekimenean. Argazkia: Ongi Etorri Errefuxiatuak
Beste urte batez, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak "Itsasoak dakarkiguna" performancea egin du igande honetan Algortan (Getxo), itsasoz edo barne-mugak zeharkatuz Europara iritsi nahi duten migratzaileen heriotzak eta desagerpenak salatzeko. Gogorarazi dutenez, 2014tik 28.000 pertsona baino gehiago hil dira bide horretan.
Ereaga hondartzan hasi eta Algortako Portu Zaharrean amaitu den ekitaldian salatu dutenez, Europako mugek hil egiten dute, "eta hori Europar Batasunaren eta Europako gobernuen migrazio-politika hiltzaileen ondorioa da".
Era berean, giza eskubideak bermatuko dituzten neurri zehatzak eskatu dizkiete Europako erakundeei, besteak beste, askatasunez zirkulatzeko eskubidea.
¿Las fronteras europeas matan y esto es consecuencia de unas políticas migratorias asesinas que de la Unión Europea y los gobiernos europeos.
— Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia (@oeebizkaia) September 11, 2022
¿Las instituciones europeas medidas concretas que garanticen los derechos humanos, entre ellos y el derecho a circular libremente pic.twitter.com/DaxS3TINAn
Bruselara martxa
Bestalde, aktibistek Algortako performancea aprobetxatu dute plataformak urriaren 1ean Bruselan egingo duen ekintza aurkezteko.
Autobus bat abiatuko da Irundik, Europako Parlamentuaren aurrean, mugetan giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea bete dadila eta Europan bizi eta lan egiten duten migratzaileen erregularizazioa exijitzeko.
Europako eta migratzaileen jatorrizko herrialdeetako 130 erakundek baino gehiagok babesten dute Ongi Etorri Errefuxiatuak, Caravana Abriendo Fronteras-Mugak Zabalduz eta Itsas Salbamendu Humanitario-Aita Mari Proiektuak sustatutako ekimen hori.
Asteburu horretan, Bruselan, ordezkaritza bat europarlamentari talde batekin bilduko da euren aldarrikapenak helarazteko. Antolatzaileen arabera, "Europako mugek hil egiten dute, eta hori Europar Batasunak eta Europako gobernuek gauzatzen dituzten migrazio-politika hiltzaileen ondorioa da".
Europako erakundeei giza eskubideak bermatuko dituzten neurri zehatzak eskatzeaz gain, besteak beste, askatasunez eta modu seguruan zirkulatzeko eskubidea, eta neurriek genero-ikuspegia barneratzea, pertsonak migratzera behartzen dituzten arrazoiak salatuko dituzte, "hala nola enpresa transnazionalen jarduera estrakzionistak eta neokolonialak eta armen merkataritza".
Aurreikusitako beste jarduerak honako hauek izango dira: herrien Goi Bileraren osoko bilkura bat, hainbat tailer izango dituena, eta atzerritarrak Liejan barneratzeko zentroaren aurrean egingo den kontzentrazioa. Gainera, Irundik Bruselara abiatuko den karabanak hainbat jarduera eta topaketa egingo ditu migratzaileen taldeekin.
Ibilbidean zehar, Bilbon josten hasi diren "130. memoriaren manta" eramango dute, Absentiak-Ausencias izenekoa, non hari gorriz oihal zuri gainean mugetan hildako eta desagertutako pertsonen izenak josten ari diren.